ARKUPEAN

Amatasun feministaren bila

Amaia Nausia Pimoulier -

2019ko azaroak 7
Ama, jakin ezazu munduan existitzen den gizon gaizto ororen ardura guztia zurea dela». Mendeetan, milurtekoetan, hobeto esanda, emakumeok gizartearentzat izan dugun funtzio nagusia amatasuna dela esan zaigu. XVI. mendeko Juan Luis Vives pentsalari espainolak hasierako esaldiarekin egin zuen bezala, gizarteak gure gain jarri du erreprodukzioaren ardura guztia. Emakume onaren ideala Ama Birjina zen, bere baitan batzen baitziren feminitatearen bi oinarri nagusiak; amatasuna eta kastitatea. Ama on baten helburu bakarrak bere haurrak ongi zaintzea eta heztea izan behar zuen, noski, eta horretarako bere behar eta nahi guztiak alde batera utzi behar zituen. Historian zehar amei zuzenduriko hitzaldiak aztertuko bagenitu, esanen nuke sakrifizio hitza errepikatu izan dela gehien.

Amatasunaren eredu tradizionala oraindik nagusia da gure artean. Egia bada ere joan den mendeko azken hamarkadetan ama neoliberalaren ereduak ere indarra hartu zuela; kontsumoan oinarritutako amatasuna. Amatasun tradizionalaren ereduaren eta neoliberalaren artean, ba al dago amatasun feministaren eredurik? Batetik, bizitzak eta zaintzak erdigunean jarri behar baditugu, haurren beharrak ere zentroan kokatu beharko genituzke, baina nola orekatu emakumea eta haurraren beharrak ikuspuntu feminista batetik? Arazoa ez da amatasuna, noski, ezta haurren beharrak edo emakume bakoitzaren beharrak ere. Arazoa da amatasunarekin prekaritatea, malgutasun falta eta bizi kalitatearen galera datozela gehienetan. Arazoa da esan zitzaigula emakumeon askapena lan munduan murgilduz etorriko zitzaigula. Erreproduzitzeaz gain, produzitu behar genuela. Orain biak egiten ditugu, eta askapena ez zaigu iritsi.

Joan den asteburuan Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak egin ziren. Horietan biolentzia obstetrikoari buruzko tailer bat egon zen, baita «Café para madres» taldeak bultzatutako eztabaida bat ere. Baina mahai nagusietan amatasunaren gaia ez zen agertu. Mugimendu feministarentzat bigarren mailako gaia da oraindik? Kontraesan gehiegi sortzen digun gai bat delako agian? Egia da ugalketaren inguruan asko eztabaidatu dugula, sexualitatearen ikuspuntutik eta haurdunaldia eteteko eskubideen inguruan, adibidez. Baina feminismoak badu amatasunaren inguruan eztabaida bat pendiente oraindik. Amatasunaren gai zentralak errua jarraitzen du izaten. Juan Luis Vivesek leporatzen zigun bezala, oraindik sinisten dugu ama bezala ez dugula nahikoa egiten gure haurrengatik, ez garela ama perfektuak, ez gatozelako bat ama tradizionalaren ereduarekin. Baina, bestalde, errua ere badatorkigu ama garenoi eredu tradizional horretatik ez garenean nahikoa aldentzen, ez dakigunean nola apurtu eredu horrekin. Feministen karnetean puntuak galtzen ditugula dirudi. Zaintzaren ardura emakumeen gain kokatzen jarraitzen dugun bitartean, eta ardura hori erruz bustitzen dugun bitartean, zaila eginen zaigu bide berriak eraikitzea. Imajinatu dezagun, beraz, nola izango litzatekeen amatasun feminista bat, errurik gabekoa, parekidea eta bizitzak erdian kokatzen dituena. Nik ez daukat erantzuna. Nire amatasuna egunero kontraesanez beteta gauzatzen dut. Hausnarketa hau pendiente daukagu Mugimendu Feministan; saltsa badago, eta saltsa dentsoa dela esanen nuke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna