maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Agur eta ohore, BTX

2018ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Uste dut joan den asteazkenean umezurtz gelditzeko sentipena izan genuela gutako askok Gorka Urbizuren agur gutuna irakurrita. Sareak dantzan zeuden, baina ez bakarrik publikoak: elkarri Whatsapp mezu, dei eta oihu ugari eginen genion seguru, baita elkarri doluminak eta besarkadak eman ere.

Berri Txarrak-ek belaunaldi oso bat ez, batzuk markatu baititu. Eta horren parte sentitu garenok, izan friki zein ez, penaz hartu dugu albistea.

Taldea sortu zen urte berean sortu nintzen ni, pentsa! Eta uste dut zortzi bat urterekin ikasi nuela lehenengo abestia, Bidarraiko bertso topaketa batzuetan: Ezagutzen ez dudan herri batean bat-batean... Uste dut artean ez genuela oso ongi ulertzen letra, baina rap estiloan kantaturiko Biziraun rockeroa guretzat errebeldia eta askatasuna zen.

Agurra iragarri baino egun batzuk lehenago, kasualitateak zer diren, lagun batzuekin aritu nintzen ezbaian: talde batzuek hobe zuketela ibilbidea lehenago bukatu, taldearen esentzia galduta irauteagatik iraun baino. Eta uste dut hor ere jakin duela taldeak eredugarri izaten:gure bihotzen artean parcour eginez, zutik eroriz (#EsaldiBatSartuBeharNuen).

Ezin ukatu pena ematen didanik. Eta ezin ukatu (nahiz ikertu beharko litzatekeen) Berri Txarrak-ek Euskal Herriari egin dion ekarpen politikoa. Zenbatek ez dituzte eman borrokarako lehen urratsak Berri Txarrak-en melodiei esker? Zuek ez dakit: nik gazte mugimenduko txosten politikoetan ere irakurri izan ditut taldearen esaldiak (garai batean Iraultza Txikien Asanbladak sortzea zen herrietako egitekoetako bat, gogoratzen?), baita zutabeetarako esaldiak lapurtu ere (eta gehiagotan ere eginen nukeen, ez balitz abusatzea). Haiek ere erran dute, ordea: euskal eszenan bada bertzerik, eta zerbait asmatuko dugu, min eman arte haien falta izatea gure musa bada. Emandakoagatik eskerrak emateko modurik ederrena litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.