maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Zatiketak

2019ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Ikusten duen errealitatearen ikuspegi partziala izanen du turista batek, beti: azalekoa. Argazki batean saiatuko da konprimatzen ikusi dituen paisaiak, koaderno batean laburbiltzen izan dituen solasak. Baina atzerritarra izateak, agian, errealitatearen bertze ikuspegi bat ere badakar: norberearekin alderatua maiz, lehen inpresioek emandako burutazioz zipriztindua.

Aste bakarra pasatu dut Irlandan, eta halakoa da atzeman ditudanen ikuspegia: seguruenik tipikoa, segur mugatua. Antzeman ditut begi hutsez, ordea, herri baten zati bat independente izateak eta beste bat independente ez izateak dakartzan kalteak.

Galwayn eta Dublinen egun batzuk pasatuta, ez nintzen ohartu ere noiz zeharkatu nuen Ipar Irlandaranzko muga: nire begietara deus ez zen ezberdina. Segituan ohartarazi zidan telefono mugikorrak, baina: «Ongi etorri Erresuma Batura!». Eta euroak erabili beharrean liberak erabili behar izateak. Eta bandera ingelesak ikusteak edozein kale izkinatan. Eta gaelikoz idatzitako afixarik ez ia. Eta pentsatu behar izateak bi aldiz zer erantzun nongoa ote naizen galderari: hemen ongi hartuko ote dute euskalduna naizela erratea?

Gurean bezala, bunkerrak ere badaude hemen, bistan da: Belfasteko Falls Roaden barrena nahi adina bandera irlandar, horma-irudi eta taberna atsegin aurki daitezke. Baina baita ondoko auzotik banantzeko pareta handiak ere. Eta ondoko karrikan, kontrakoa.

Begirada arinean, zalantzarik ez da: hemengo hizkuntzaren zailtasunak gorabehera, estatu bat izateak zenbat lagun dezakeen norbere kulturaren garapenean. Eta kontrakoak zein zailtasun duen; zatiketak.

Brexit-aren negoziazioetan eztabaidagaietako bat da zer gertatuko den Irlanda askearen eta menperatuaren arteko mugan Erresuma Batua Europatik ateratzen bada. Soldaduak eta muga gogorra nahi dituzte unionistek, brexit-a ez dadin izan Irlanda batzeko aitzakia. Gaitz erdi hala izanen balitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.