Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Erresumina

2019ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Garbiketa sakona egiten den egun horietako batean aurkitu nuen dirua zuen paper batua. Paperean diruaren jabeen izenak ageri ziren, alegia, kutxa bat zen. Potea eramatea ez zaio inori ere gustatzen, azkenean, dirua daramana nolabaiteko talde ordezkaria da, eta eragozpenik gehien dakarrena: eskatzera joan behar du. Maiz, plusbalioak egoten dira. Guk normalean gorde egiten dugu edota bestelako inbertsioak egin: loterian, usu. Beti pentsatzen dugu egokituko zaigula nahikoa afari ederra egiteko. Baina sekula ez zaigu egokitu deus ere. Uste baino erantzukizun handiagoa du kaxadunak, eta noizean behin, (nire inguruan oso salbuespeneko unetan) gertatzen da botedunak alde egiten duela diruarekin, edota hark erabaki arbitrarioak hartzen dituela; denon diruaren kontura pintxo bat jan, esaterako.

Lehengoan lagun batekin diru publikoen kudeaketaz berbetan ari nintzela, lagun arteko kutxaz eta bere garrantziaz gogoratu nintzen. Oso argi baitugu lagun arteko kaxa denon dirua dela, baina iruditzen zait ez dugula hain argi erakundeek esku artean darabilten diru hori denona dela. Are gehiago, esango nuke esku artean diru publikoa darabilten zenbaitek ere ez duela oso argi jabetza publikoa dela diru hori eta ez pribatua. Entzun izan diot inoiz ardura publikoa duen baten bati «gure dirua» esaten, gutasuna murriztua zela argi utziz. Akorduan daukat behin horietako bati erantzun behar izan niola berak diruaren kudeaketa baino ez zuela egiten, dirua guztiona zela. Alegia, botea zeramala, ez besterik. Erresumina eragiten dit horrek. Gauza bera pasatzen zait «jendeak dena doan nahi du» entzuten dudanean diru publikoa duen erakunderen batek ordainpeko sarrerarik gabe zerbait antolatzen duenean; antolatutako ekitaldi hori ordaintzeko erabiltzen den dirua zerutik baletor bezala. Erresumina. Hots, ondo letorkigukeela kaxaren kontzientzia izatea, guri eta botea daramanari ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.