Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Normal

2019ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Atera ezak beste erronda bat». Zeinen atsegina izaten den bermut ordua Iruñean, are gehiago eguzkiak jotzen duenean, asteartean bezala. Marianito-bazkari-gin tonic hurrenkeraren lehenengo urratsa izan ohi da, egunak zer ekarriko ote digun oraindik ez dakigula, baina alai eta itxaropentsu ekiten diogu jarduerari, konpainia onean baldin bada, hobeki. Hori bera da Javier Esparza UPNko presidenteak, Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusi ohiak eta Jesus Santos UGTko egungo idazkari nagusiak aste hasieran eskaini ziguten irudi gozoa Orreaga kaleko taberna batean. «Hi, gorde ezak diru-zorroa,neronek ordainduko diat».

Zertaz mintzatuko ote ziren? Hirurak pertsona normalak izanik, pentsatzekoa da gai arruntez arituko zirela. Esaterako, Enrique Maia Iruñeko alkateak iragarritako lehen neurriak aipatuko zituzten, eta lepoa jarriko nuke sindikatuko ordezkaria bertan izanik erabakien alderdi soziala nabarmendu zutela: «Foixeko Katalina aristokratari etorbidea kenduta eta Armadako langileei emana, berriz erakutsi dik iraultzailea dela Enriquek», «Juan Carlos errege ohiaren argazkia paratuko dik, erretiratu guzien aldeko borrokaren isla izan dadin», «Euskararen ordenantza aldaraziko diagu iruindarren, iruindar elebakarren, eskubideak errespeta daitezen». Nafarroa Iruñea baino zertxobait gehiago ere bada, eta Jimenezek Uharte izanen zuen buruan seguruenik, horren neurri aurrerakoiak Iruñerriko herrira nola eraman hausnartzeari emana —bazkariaren eta gin tonicaren gaineko gogoeta ere eginen zuen, jakina, pertsona normala baita—.

The Three Amigos bermutaz gozatu bitartean, PSNko, Geroa Baiko, Ahal Dugu-ko eta Ezkerrako ordezkariak bilduak ziren Nafarroako Parlamentuan. Ez dut hedabideetan bileraren argazki gozorik aurkitu. Zaila da asmatzen zein izan zen solasaldiaren hizpidea, oraindik ez baitakigu nor den pertsona normala eta nor ez, bilerara deitu ez zituzten pertsona ez-normalak kenduta; kronika hau idazteko unean are zailagoa da jakitea zeinek atera zuen diru-zorroa eta zeinek gorde zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.