Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Laranjak, garagardoa eta sardinzarrak

2019ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Ezaguna da kontua: oinez ibiltzen baino lehenago ikasi zuen Birgit Nilssonek (1918-2005) abesten. Hiru urte zituenean amak jostailuzko piano bat oparitu zion eta jotzen hasi zen. Bizitza bukatu zaien pertsonak begiratzen ditugunean denak dauka zentzua. Amaierak esplikatzen du dena. Baina Suedia hegoaldeko etxalde batean jaio zen Nillson. Nork jakingo zuen bere haurtzaroko herriko elizako koroan Strauss eta Wagnerren abeslari handiena izango zenarekin abesten ari zirela.

Munduko abeslari kuttunenetakoa zenean galdetzen zioten nola zaintzen ote zuen bere musika tresna. Oso pragmatikoa zen: «Ez dut ezer berezirik egiten. Ez dut erretzen. Ardo gutxi eta garagardo gutxi edaten dut. Besterik gabe, guraso egokien alaba naiz». Beste behin, Tristan eta Isolda interpretatu ostean esan zuen bere arrakastaren arrazoia «zapata erosoak» zirela.

Baina, funtsean, Nillsonen sekretua oso tradizionala zen: «Idazle batek ala margolari batek inspirazioa duenean egin dezake lana. Baina abeslari batek ez du zorte hori. Abeslaria jaiki daiteke buruko minez eta gorputz txarra izan; horrek urduri jarriko du eta dena kontra duela sentituko du, baina indarrak aurkitu behar ditu gauean duen ekitaldirako. [...] Baina, sarritan, agertokira igotzen zarenetan arazo guztiez ahazten zara, benetan miragarria da. Pentsatzen dut erditzea bezalakoa dela: jaioberria besoetan duzunean, dena iruditzen zaizu ederra eta ahazten zaizu aurretik zenuen mina». Bere hitzak irakurtzean ezin izan dut ekidin abeslariaren prestaketaren eta iraultzaile batenaren arteko antzekotasuna ikustea.

Zeren Nilsson ez zen soilik musikari eredugarri eta distiratsu bat izan. Izar bat izateari uko egin zion, bere burua «soprano langile» bat bezala ikusten zuen. Operako ekitaldien artean laranjak xurgatzen zituen. Eta bukatutakoan garagardo pitxer bat edaten zuen, aquavit pixka bat eta sardinzar suediarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.