Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Zer egin gaizki esaka ari direnekin?

2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Bizitza publiko bat duten guztiek dauzkate arerioak. Eta gaur bizitza publikoa biderkatu da, komunikazio teknologiak tarteko. Virginia Woolfek gaizki zeramatzan jende askok egiten zizkion kritikak. Horregatik estimatzen zituen jasotzen zituen laudorioak: bere erregaiak ziren.

1925eko uztailean Philip Morrelli gutuna erantzun zion eskertzeko Dalloway andrea-z idatzi ziona. Aldi berean Woolfek, nolabaiteko harriduraz, aitortu zion Morrelli ez zuela erabili fikziozko lan horretako bi pertsonaia sortzeko. Hugh Whitbread-en eta Richard Dalloway-ren inspirazioa ez zela Morrell izan, alegia. Gaur egungo narratibako ekoizpenaren tendentzia indartsuetako baten kontra, Woolfek ez zuen fikziora eramaten lehen pertsonan ezagututakoa. Woolf harritu zen Morrellik fikziozko pertsonaiekin izan zuen identifikazio horretan. Woolf «ez [zen] gai egunerokoan ikusten zituen pertsonez idazteko, lekuez idazteko ere ia ahaztu behar zituen». Woolfena «ez [zen] nahikeria», hala funtzionatzen omen zuen bere pentsamenduak. Itziar Diez de Ultzurrunek bikain euskara ekarri zigun Dalloway andrea-n Woolfek pertsona errealak erabili omen zituen pertsonaiak osatzeko. Baina oso urruneko pertsonak ziren, «gutxienez hamar urtez ikusi gabekoak eta orduan ere gehiegi ezagutzen ez zituenak».

Beste gutun batean Woolfek antzeko kexa zuen Farorantz liburuaren harrerarekin. Kasu hartan Ramsay jauna eta andrea Woolfen aitarekin eta amarekin lotzen zituzten. Berarentzat argi zegoen: nobela bat zen idatzi zuena, eta hala irakurri behar zen. Nahiz eta liburuari Terence Hollidayk egin zion hitzaurreak ez zuen bereziki lagundu: nobela eta bizitza pribatuko elementuak lotu zituelako. Edozelan ere, ezinezkoa da plazara ateratakoan egiten dugunak izango duen harrera neurtzea. Horretan ere fortuna gutxi izan zuen Woolfek, Hugh Walpoleri idatzi zion «Ez, ez naiz nobelista. Beti eman nahi izan diet izen berri bat neure liburuei». Zer garen eta zer uste duten gainontzekoek. Ez dago «azken borondate» posiblerik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.