Albistea entzun

LARREPETIT

Ez da zerbitzu publiko bat

Hedoi Etxarte -

2020ko martxoak 14

Ospitaleko sarreran anbulantzia urdin bat. Zauritu bat utzi berri du, Osasunbideko eraikinaren atean dago, baina barruan ez ditu zerbitzu publikoko langileak: azpikontratatutako enpresetako langileak dira, lan baldintza okerragoak dauzkate, galdetu SGGko beharginei.

Ospitaleko leihoak, komun-zuloak, pasilloak garbitzen dituzte, beraien esku dago ia egunero bakterioz eta birusez betetzen den toki horretan bakterioak eta birusak kentzea. Baina ez dira zerbitzu publikoko langileak: eta oso sarri, erakunde publikoetako bereko zuzendaritzek destainaz tratatzen dituzte, galdetu EHUko garbitzaileei.

Ospitaleko modulu berria eraiki dutenak, teilatua berritu, gelak margotu, itoginak eten, hodietako buxadura konpondu: ez dira zerbitzu publikoko langileak, dira AHTko beharginak bezalakoak.

Ospitaleko kafetegiko pintxoak egin, kafeak zerbitzatu, mahaiak jaso, kobratu: ez dira zerbitzu publikoko langileak.

Ospitaleko medikuak botika baten errezeta egin eta marka jakin bat gomendatzen dizunean: ez dizu laborategi publiko batek lantegi publiko batean egindako botika bat gomendatzen.

Ospitalera joan zara eta odola atera dizute: ez du laborategi publiko batek egingo odol horren analisia, laborategi pribatu batek egingo du.

Bizitza salbatzen diguten anbulantzietako gidariak eta erizainak, garbitzaileak, igeltseroak, margolariak, iturginak, zerbitzariak, sukaldariak, medikuntza industriako langileak: ez dira zerbitzu publikoak. Ez dituzte trebatzen ez koronabirusaren ez ezeren kontra. Gizarte guztiaren kalterako, bertan lan egiten duten langileen kalterako.

Eten ditzatela EAEko hauteskundeak. Ea horrela norbaitek bere programan osasun publiko osoa publiko egiteko asmoa behintzat adierazten duen. 2020ko neoliberalismotik 2007koak (%11,18ko murrizketak egin dituzte ordutik) ongizate estatua baitirudi.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.