Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Kallokaina

2021eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Estatuaren segurtasuna eta egonkortasuna bermatzeko kallokaina droga sortu du Leo Kall zientzialariak. Hartzaileak egiak bata bestearen atzetik aitortuko ditu, oharkabean gogoan ongi gordeak dituenak barne, zeinahi ere den. Estatuak ale subertsiboak identifikatzeko probestuko du laborategiko aurkikuntza; era berean, norbanakoa bere buruari ezkutatzen zizkion sentimenduez konturatuko da, eta zabaltzen dituenean arlo pribatua publiko bihurtuko du. Zientzia fikzioa da, noski. 1940an idatzi zuen Karin Boye suediarrak Kallokaina distopia, faxismoak ia Europa osoa bereganatua zuenean. Idazle sozialista eta bakezaleak bere buruaz beste egin zuen liburua argitaratu eta urtebetera, naziek Grezia hartu zuten egunean. Egia, bere gordintasunean, ez zegoen fikziotik horren urrun.

Ez dago jakiterik zer-politikarik-zer-substantzia hartzen duen hauteskunde gauean, eta ez dugu jakin nahi,baina —zabal dezagun fikzioa— baten bat hartuko balute, pizgarriak ez luke, gehienetan, kallocainaren batere antzekotasunik izanen. Emaitzak jaso ondorengo adierazpenek frogatzen dute tesia. Batez ere galtzaileen kasuan. Edo ez irabazleenean. Edo «porrota garaipena da» lelozaleei dagokienean. Egiatik oso urrutira eraman ohi dituzte beren zientzia fikziozko azalpenak. Adibidez, pasa den igande gaueko agerpenetan: politikari askoren maskararen gaineko begi goibelak eta ahots indargeak—off ahotsak ematen zuten— ez zetozen bat hitzek adierazten zutenarekin. «Ez dugu horren gaizki egin» eta «gure emaitzak konplot kosmikoaren ondorio dira» zen askoren mezua. Pentsatzekoa da nonbait, barne-barnean, egia gordea izanen dutela, baina kallokainaren faltan ez dira oraindik ohartu.

Seguruenik norbanako askok ere errealitatea ezkutaturik zion bere buruari, faxismoa —faxismo esplizitua— etxetik urrun zegoela sinetsita; lehen igandera arte. Baliteke honetan Kataluniako hauteskunde gauak kallokaina efektua sortu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.