Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Lorategiaren ureztatzeaz

2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Santa Monican ziren Bertolt Brecht eta Helene Weigel Brechtek Lorategiaren ureztatzeaz olerkia idatzi zuenean: «O lorategiaren ureztatzea, berdea pozten duena!/ Zuhaitz egarrituei ura ematea! Eman beharrezkoa baino gehiago eta/ ez ahaztu zuhaixkak, ezta/ baiarik ez dutenak ere, akituta/ daude gutiziatsu. Eta ez galdu/ loreen arteko belar txarrak, haiek ere/ egarri baitira. Ez busti bakarrik/ sasoiko dagoen belardia ala bakarrik ihargarria,/ emaiozu lur soilari ere zure hozkirria».

Brechten egunerokoaren arabera 1943ko abuztuaren 9an izkiriatu zuen olerkia. Hor du lehenengo afera olerkiak. Ikerlari batzuen aburuz, olerkia 1942ko urriaren 20an idatzi zuen. 1942an olerkia zirrimarratua omen zuen Brechtek eta gogoeta orokorrago baten baitan kokatzen zuen: politikak eguneroko ekintzarik txikienean ere eragiten zuela adierazi nahi zuen. Hala, olerkian ekitatearen gaia lantzen zen, ura guztiei banatzearen aldarri bat: baita behar ez duenari ere ematea, alegia, are gure lorategiaren kontra ari direnei.

Antza, olerkiaren afera nabarmenena Weigelek aitortu zuen handik urte batzuetara ahoz: Brechtek ez omen zuen inoiz, ezta pixka bat ere, lagundu Santa Monicako lorategiko ureztatzean. Testigantza horrek ez dio olerkiari berari inolako aldaketarik sortzen. Olerkia berdina da. Aldatzen du egileak kontatzen duenarekin duen harremana. Baina aldatzen du ere, errekurrentea den afera hori, nondik aritzen den egilea eta, bereziki, nor den egilea, azken hamarkadetan artista bihurtu delako artelan. Ekoizpena bere burua delako. Eta gogora etorri zait egunkariko txoko honetan, duela zazpi urte idatzitakoaz ari naizela berriz: zer izan zen Diogenes eta nola gogoratzen dugun, Diogenes sindromearen bidez, pertsonak egin zuenaren kontrakoa. Kasu honetara etorrita: gogoratuko dugu Brecht bere obratik, bere bertsiotik, ala inguruan zituztenek esan zutenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.