Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Bizitza bat eta erdi gela berean

2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Nadia Boulanger-en amaren eguna asteazkena zen. Arratseko bostetatik aurrera egiten zien harrera lagunei. Nadiaren aita hil zenetik gertukoak gonbidatzen zituen egun hartan, etxea bizirik egon zedin astero.

Nadiak Kontserbatorioa bukatu zuen 1904an, eta eskolak ematen hasi zenean ere egun hura hautatu zuen, asteazkena. Ordutik eta heriotzara arte egun hartan eskaintzen zuen taldekopiano eskola. Ama bizirik zegoenean Nadiaren ikasleei tea eta pastel goxoak eskaintzen zizkien. Nadiaren ama errusiarra zen, nahiz eta ez zion Nadiari irakatsi, nahiz eta errusiarrek bezala edaten zuen tea. Ama hil zenean etxe berean jarraitu zuen Nadiak eta, hala, etxea eta eguna gurutzatzen ziren tokian, ikasleak amaren etxean jasotzen zituela iruditzen zitzaion. Zentrala zen Boulangerrentzat taldeko eskola hori: «Ikasleekin bakarka ez egotea aitzakiarik gabeko akatsa litzateke, baina, bestetik, oso beharrezkoa da pentsatzen eta desados egoten, gainontzekoek pentsatzen dutena entzuten irakastea, musikalki eta humanoki. Jendearekin tratua izatea, ideiak trukatzea, norberaren izaera galdu gabe komunikatzen jakitea...».

Gelatik pasa ziren Gershwin, Baremboin, Piazzola, Copland, Bacewicz, Biret, Kapralova, Bernstein. Konpositore, pianista eta zuzendari nabarmen mordoa pasatu zen altzari zaharrezko gela hartatik. Ikasi zuten maila goreneko ikaslea ez dela baldintzarik gabe laudatu behar, ezta sistematikoki boikotatu behar ere.

Baina, ziurrenik, Nadiaren lorpen nabarmenenena 2 urterekin pneumoniak zeharo kaltetu eta 24rekin hil zen bere ahizpa gazteenaren formazioa izan zen. Lili Boulanger hil zenean, Nadia izan zen bere lanen zabaltzaile nagusia. Fauré eta Debussytik edan zuen Lilik, eta Messiaen bezalakoentzako eredugarria izan zen. Aurten 110 urte betetzen dira obra eder horietako asko, Reflets eta Les sirènes adibidez, gela hartan konposatu zituenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.