Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Tentazioak

2021eko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Ezin eutsizko tentazioz beteriko lekuak ditut nik ere, zeinetan sartu eta badakit bekaturen batekin aterako naizela. Horietako bat liburu dendak dira. Azal deigarri bat: Anuarí. Teresa Wilms-Montt izeneko batek idatzia. Poemak. Liburuarekin atera nintzen, jakina.

Teresa Wilms-Montt Txileko familia aberats batean jaio zen 1893an. Hizkuntza zenbait zekizkien, literaturazalea zen eta oso argia; gainera, ederra. Emakume bakarra izan ohi zen solasaldi askotan. Gazte ezkondu zen gurasoen baimen barik, eta laster izan zituen alaba bi. Bat, eta gero bestea. Beste gizon batekin zuen gutun trukaketa atzeman zuen senarrak, eta gainezka egin zion denak. Alabak kendu zizkioten (senarraren gurasoek hartu zituzten) eta Teresa Wilms-Montt Santiago de Txileko monasterio batean sartu zuten. Han egon zen Vicente Huidobro poetak ihes egiten lagundu zion arte. Argentinara egin zuten ihes. Han ezagutu zuen gazte bat, Anuarí gaitzizena zuena. Teresarekin seko maiteminduta bere buruaz beste egin zuen Teresa Wilms-Montt-en aurrean. Amildegian sentitu zen egilea, eta New Yorkera joan zen. Heldu eta atoan alemaniar espioia izan zitekeelakoan atxilotu zuten. Aske gelditu ostean Europara etortzea erabaki zuen eta XX. mendearen hasierako Madrilen amaitu zuen. Valle-Inclan idazlea edo Julio Romero de Torres margolaria ezagutu zituen. Lehenengoak Anuarí libururako egin zuen hitzaurrea. Bigarrenak margolan ederra egin zion 1920an. Parisera bizitzera joan zen bere aitaginarreba zenak (Teresaren alabekin) han izango zuela bizitokia jakin zuenean. Hango abangoardiako artistekin izan zuen hartu-emana, eta alabekin ere bai. Baina hilabeteetara Txilera itzuli ziren, eta berak kito esan zuen. 28 urte zituen bere buruaz beste egin zuenean. Père-Lachaise-n dago. Egunerokoan utzi zuen idatzia: «Eguzkia bezain handia den egia bakarra dago: heriotza».

Eta poemak? Hain izan zuen bizitza liluragarria...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.