garbine ubeda goikoetxea
LARREPETIT

Ehun metro

2021eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Polizia beti da polizia, eta urte luzetako epika ahantzi ezin dugunoi bihotz taupadak aztoratzen dizkigu haien presentziak, nahiz eta hemen Bidasoa aldean, muga deitzen den zauriaren inguruotan, mota guztietako uniformatu armatuak sarri-sarri ikustera ohitu gaituzten.

Lehen margariten antzean loratzen zitzaizkigun, eguzkiak berotzen hasi orduko alegia, hondartzara nahiz erosketara joan-etortzen ziren autoak barraskiloaren abiadurara kondenatzeko, estatu subiranoen izenean. Izurriteak, berriz, zubi estrategikoetan aduana finkoa jartzera eraman ditu frantsesak, eta espainolak, aldiz, ertzainak eta foralak bezala, ezusteko kontrolak ugaltzera. Inoiz ez dakizu zertarako jarri diren enbarazu egiteaz harago, noski, ezta polizia bakoitzaren eskumenak norainokoak diren ere.

Arratsaldeko hirurak eta espainol armatu guztiak siestan izango diren itxaropenez, Iruna abiatu naiz, betiko leloaren asperdura itotzera. Usteak ustel, ordea. Hortxe dira. Santio zubian ez, baina Ficoba igaro orduko, guardia zibilak agertu zaizkit, eta ezin atzera egin, kaka tzarra. Zepoan erortzeko falta diren ehun metroetan, mila galderatan zoratu zait burua: ni naizen atsoa geldituko ote dute? Zertarako? Geldituz gero, zer aitzakia jarri behar ote diet, lanerako kontratu finkorik ez izanik? EAE itxita dagoela-eta larderiatuko naute? Isuna eroriko al zait? Baina hori ez al dagokie ertzainei? Eta non arraio dut nortasun agiria?

«Alto, señora» besteak, nire frantses matrikulari begira. Nora ote noan. Urduritasuna kontrolaezina baita, denik eta arrazoirik sinesgaitzena atera zait ahotik: «Liburu bat erostera». Guardia zibilak, aho bete hortz, militarren agurra egin eta bidea zabaldu dit erreberentziaz: «Bikain andrea, irakurtzeari ez zaio sekula utzi behar. Segi horrela!».

Beldur naiz, surrealismo honek ez ote didan zaletasun hori betiko distortsionatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.