Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Talak

2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Etzi, ostegunez, Eskozian hauteskundeak dituzte. 129 aulki dago jokoan; badirudi SNP (Scots National Party) alderdiak eskuratuko dituela boto gehienak eta independentziaren aldeko alderdiekin gehiengo osoa lor lezaketela. Kontua zenbateko gehiengoan datza. Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak zulo sakona egin nahi du eta bertan sartu datorren izotzaldira arte. Eskozian apur liteke Erresuma Batua, eta neurri handi batean bera izango da erantzule, bera izan baita (beste askorekin, tartean hautesleriarekin batera) brexit gogorra sustatu zuena. Ipar Irlandan brexit delakoak zintzilik zegoen errepublikazaleen eta unionisten arteko oreka desoreka bilakatu du, eta jakina da orekak ez duela balio lurrean zaudenean. Galeseko Geraint Rhys musikariak ziotsan Urtzi Urkizuri Eskoziak independentzia lortuko balu Erresuma Batuaren funtsaz galestarrek galdera berriak jarriko lituzketela mahai gainean. Ez dakit ondo azaldu dudan, baina Erresuma Batuaren urtzearen lekuko izan gintezke.

Alemanian Armin Laschet-ek hartu du Merkelen lekukoa CDU (Christlich Demokratische Union) alderdian. Bost bat hilabete falta dira Alemaniako hauteskundeetarako, eta hiritarrei egindako galdeketen arabera berdeek, Annalena Baerbock buru, bozik gehien eskura lezakete. Alemanian, Europako Batasuneko estaturik boteretsuenean. Horrek zer aldaketa ekarriko luke Europa osoan? Groenlandia bere gobernuarekin urrunago geratzen zaigu, baita urtzen ari diren beraien izotzak eta horrek ekar litzakeen aldaketak ere, esaterako, itsaso-bideen inguruan.

Gu, baina, Madrilera begira gaude, bertan gaur izango diren hauteskundeetara. Gure begiak Espainiako hiriburuan daude, eta begiak soilik balira, gaitz erdi, askok, dagoeneko, lotsa denak astinduta tala jarri baitute itsasoa urrunegi daukan hiriburu idorrean. Gero kristalezko sabaien kexu agertuko gara, nor eta beiragile bikain bilakatu garen gu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.