Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Octavia E. Butlerren bakardadea

2021eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Asteon bete dira73 urte Octavia Estelle Butler idazle estatubatuarra jaio zela. Berrogeita hemezortzi urterekin hil zen. Halako datuek gero eta zirrara handiagoa ematen didate.

Zazpi urterekin Devil Girl from Mars ikusi omen zuen telebistan; filma ikusi eta «zenbait errebelazio» izan zituen Butlerrek: «Lehenaizan zen: 'Ai ama, neuk istorio hobea idatz nezake'. Eta jarraian pentsatu nuen: 'Ai ama, edonork idatz dezake istorio hobe bat'. Baina hirugarren errebelazioa, erabakigarria: 'Norbaiti ordaindu diote istorio zatar hau idazteko'».

Eta hala hasi zen Octavia E. Butler fikziozko istorio «txar-txarrak aldizkarietara aurkezten».

Unibertsitatean ibili eta gero jatetxeetan egin zuen lan, platerrak garbitzen, telefono bidezko salmentan, biltegietan. Idazten jarraitu zuen. Idazteak ematen zion animalia baino gehiago zenaren sentsazioa. Hogeita bederatzi urterekin lortu zuen bere aurreneko eleberria argitaratzea. Eta ordutik, urtero nobela bat argitaratu zuen, idazketatik bizitzea lortu zuen arte.

Butlerrek zioen afera ez zela inspirazioa. Afera zela egunero idaztea.

Mason Curreyk Butlerren idazketa ohiturez egin zuen potretan jaso zuen gauez, gau betean, idaztearen arrazoia (idaztea ez zen ogibideez bizi zen garaitik zetorkiona).

Baina soslai horretako parte interesgarria 1998an aitortu zuen Butlerrek, Mike McGonigalek egin zion elkarrizketan «Zeure burua erosoki asozial gisa deskribatu duzu» galderari erantzun zionean: «Gehiago gozatzen dut jendearekin, denbora gehiena bakarrik baldin banago. Lehen kezkatzen ninduen, zeren senideak kezkatzen ziren, baina azkenean jabetu nintzen naizen bezalakoa naizela, eta kito. Guztiok dauzkagu bitxitasunak, hori da nirea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.