Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Garaipenaren Eguna

2021eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Amaitu da amesgaiztoa: bihartik aurrera COVID-19aren izurritea bukatutzat-edo emanen da ofizialki Nafarroan. Non, bestela? Pandemiaren erruz hiztegi militarra hizkeran gailendu den garaian, proposatzen dut urriaren 1a —Urriaren Lehenengoa, zer arraio!— Nafarroako Garaipenaren Eguna izendatzea. Maiatzaren 8an ospatzen da Alemania naziak amore eman zuela Bigarren Mundu Gerrako Aliatuen aurrean 1945ean, eta uste dut gureak ere behar bezalako ospakizuna merezi lukeela, borroka latzaren ondoren birusaren aurkako guda irabazi dugulako —prentsaurrekoetako uniformedunen irudia etorri zait burura— inork baino lehenago. Hunkigarria litzateke Txibite presidentea Churchillen antzera ikustea Parlamentuko balkoitik «zuena da garaipena, gaur da inoizko egunik handiena!» esaka, Sarasate pasealeku leporaino betean, foralak eta udaltzainak musu amaigabeetan —maskara jantzita— lotzen diren bitartean, suen argipean eta cavak zipriztinduak. Barka, desbideratu naiz.

Ados, Katalunian gogoan izaten dute Urriaren Lehenengoa guk baino lehenago egin zuten zerbaitengatik eta data gogoangarrian han ere izan zuten uniformedunek rol garrantzitsua, baina jakin badakigu bakoitzak baduela bere ibilbide-orri eta egutegi propioa. Ez dago nahasterik.

Badago, orduan, zer ospatu. Pandemiaren bukaera ofizialarekin batera, osasun-zentroak ongi horniturik egonen dira eta medikuek eta erizainek behar adina baliabide izanen dituzte pazienteak ongi artatzeko.Ostalariek negozioak bezeroz bete eta zorrak kitatuko dituzte. Terrazek kendu diguten esparru publikoa berreskuratuko dugu herritarrok. Konspirazio unibertsala deuseztatuko da eta enpresa farmakologikoek gure lepotik aberasteari utziko diote. Akabo haurren traumak. Bukatu dira gurasoen kezkak. Inork ez die etorkinei gure egoera kaskarra leporatuko. Sanferminetan Bertin Osborneren eta, zorte pittin batez, Norma Duvalen emanaldiak gozatuko ditugu. Aske biziko gara. Gurea da garaipena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.