Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Ohikoaren edertasuna

2021eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Odesatik ihes egin behar izan zuen Willy Ronis-en aitak. Parisen jaio zitzaion semea, eta, XX. mendeko argazkigintza markatuko zutenetako bat izan bazen ere, bere argazkilaritzarako zaletasuna ezbeharrak ekarri zuen. 1932an soldaduskatik itzultzean jakin zuen aitak minbizia zuela eta musikaren ametsa, bere pasioa, biolina jotzearena, utzi zuen familia elikatu ahal izateko. Hilko zitzaion aita, eta argazki estudioa saldu zuen baina ordurako, ogibideari esker, lantzen zuen ildoan jarraituko zuen. Irudi luke naifa Ronisek berak defendatzen zuen eskola, «gizakia maite duen argazkilariaren begirada» lantzen duenarena.

Halako batean, 96 urterekin eta Perec-en (ala Aritz Galarragaren) Gogoan dut bat egin zuen Ronisek. Deitu zion Egun hartan, zeren egindako argazki bakoitza egin zuen testuinguruaz oroitzen baitzen. Mahastizainak, metalgintzako langileak, neskatilak, iturrira ur bila 1948ko udako oporretan joan zirenak, Montreuil-eko ijitoak ispiluari begira lurrean eserita.

Egun hartan-en bildu zituenetan argazki oin laburrenetakoa 1950eko bat da, Sutegia deitu zion Ronisek: «Egun hartan lantegian askatasun osoz ibiltzen utzi zidaten, Renault-ek hamarka argazkilari frantses gonbidatu baitzituen bere lantegien berrogeita hamargarren urteurrenerako liburu bat prestatzeko. Hau hautatu nuen nik. Iruditu zitzaidan ongi islatzen zuela tokiko giroa, baina uste dut zuzendaritzak kontsideratu zuela gehiegi gogorarazten zituela Zolaren eleberriak eta ez zuela nahikoa nabarmentzen egungo lantegien izaera modernoa. Azkenean beste irudi bat hautatu zuten, 4CV katekoa, gatzgabea».

Estetikara lerra zaitezke, gizakiaren funtsezkoenari lotu, baina beti egongo da irizpide komertzial bat gainetik, beharrezko sofistikazioz, jende xehearen ezinak agertzear daudenean irudiak trukatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.