Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Hilezkortasuna eta sozialismoa

2021eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Espaloiak orbelez betetzen direnean badakizu Sobietar Iraultzaren urteurrena gertu dagoela. Aurten, berriki Argentinan osatu duten aspaldiko egileen antologia batek egin dit seinalea: Cosmismo ruso. Tecnologías de la inmortalidad antes y después de la Revolución de octubre (Caja Negra). Sei narratzaile dakartza Borid Groys-en antologiak (XX. mendeko errusiar, sobietar eta post-sobietar artearen ikerlari eta dibulgatzaile nabarmenetakoa da bera). 1906koa da ipuin zaharrena, 1928koa berriena, baina hitzaurrean Groysek azaltzen duenez, sobietar zientzia fikzioaren iturri nagusia Nikolai Fiodorov futorologo eta kristau ortodoxoa izan zen (Tolstoi, Dostoievski eta Soloviev bere zale izango ziren).

XIX. mendeko sozialismoari kontraesan bat aurkitzen zion Fiodorovek. Sozialismoak proposatzen zuen justizia soziala etorkizunerako, «progresoan zuen fedea», beraz, eta horrek esan nahi zuen etorkizuneko belaunaldiek soilik izango zutela gizarte sozialista batean bizitzeko aukera. Ondorioz, egungo eta iraganeko belaunaldiak «biktima pasibo» lirateke. Groysen hitzetan, hildakoak bizitzara ekartzea kontatzen ez duen sozialismoa, nolabait, bizidunek hildakoak esplotatzean egongo litzateke oinarritua. Hori gainditzeko, etorkizuneko sozialismoak, gizarte justu izateko baliabide teknologiko eta artifizialekin, gizarte oparo bat posible egin dutenak berpiztea hartu beharko luke misiotzat.

Artearen historian, 30eko hamarkadatik aurrera SESBek izan zuen diskurtso post-apokaliptiko bat, eternitatearekin lotua. Termino horietan, kosmismoak planteatuta, sozialismoaren borroka ez litzateke soilik espazioari lotutako proiektu bat, bere egitekoen baitan izan beharko luke denbora eternitate bilakatzea ere.

Hilezkortasunaren etsai historiko nagusiena kristautasuna izan da. Baina gaur egungo kontrako ikuspegia, Groysek seinalatzen duen bezala, antikomunista da funtsean: hilezkortasuna lantzeko, etorkizun koordinatu, kolektibo eta politikoki zentralizatu bat behar da; kapitalismoaren antipodetan dago, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.