Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Urte bat gaur

2021eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Gure aita azkenekoz ospitaleratu zuten arte ez nekien: bizitza eta heriotza lotzen dituen harremana ez da marra bat, hiruki bat da. Bada hirugarren toki bat bizitzaren eta heriotzaren artean. Da toki bat oraindik naturatik askatu ez den gizakiak sortu duena, han ez zaude hilda baina ezin zara bizitzara itzuli eta une bat iristen da bizi direnek erabaki behar dutela heriotzaren alde, linbo horretatik ez dagoelako bizitzara itzultzerik.

Hala idatzi zuen Heidegerrek: «Pentsatzeak ez du jakintzarik ematen zientziek ematen duten bezala. Pentsatzeak ez du sortzen jakintza praktiko erabilgarririk. Pentsatzeak ez ditu unibertsoaren enigmak ebazten. Pentsatzeak ez gaitu, zuzenean, ekiteko gaitasunekin lotzen». Hannah Arendten Espirituaren bizitza-ko aurreneko aipua da. Ez nuen erpin hura ezagutzen eta ulertu nuen toki hori, hutsune hori W.B. Yeats-en belatzak ezagutzen zuela: «Bira eta biraka zabalduz doan biraketan/ Belatzak ezin entzun dezake ehiztaria;/ Gauzak anabasitzen dira; erdiguneak ezin dio eutsi» (itzulp.: Andolin Eguzkitza). Hutsunea da, Arendtek bere buruaz hitz egiten zuenean zioen bezala, heldulekurik gabe pentsatzea, norberarekin kontsentsua bilatzea. Munduarekin baketu, erdigunearekin adiskidetu.

Arendtek, bigarren senarra, bi maisuak eta bere lagun kuttunena hil zitzaizkionean aitortu zuen sentitzen zela «libre hosto bat haizean bezala». Jerome Kohnek adierazi zuen hostoaren konparazioa inpotentzia erabatekoaren irudia dela. Hosto hori menpeko da mugimenduaren, hauskorra da bere materialtasunarekiko.

Irlandaren independentziaren 1916ko ekintza hura gogoan, Yeats-en poema auzoz auzo behar da egokitu: «Aipa ditzadan neure bertsoan/ MacDonagh eta MacBride/ Eta Connolly eta Pearse/ Orain eta gerogarrenean./ Han non berdegarria dugun jantzi/Aldatu egin gara, guztiz aldatu:/ Ikaratzeko edertasun bat sortu da» (itzulp.: Koldo Izagirre).

Ez da bakea, ez da lasaitasuna, ez da mina, ikaratzeko edertasun bat da: belatzaren eta ehiztariaren arteko betirako hutsunea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.