Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Falta den irudia

2022ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Argitaratu zuen 2014an Pascal Quignardek Surl'image qui manque à nos jours (Falta den iruditik gaur egunera). Azaldu zuen liburuan irudi bat ikusten dugunean irudia ez dagoela bukatua, falta zaigula beti irudiaren aurreko irudia eta hurrengoa, irudia beti dela sekuentzia baten pasarte bat. Irudian ekintza bukatu gabe dago. Quignardek jasotzen du Zizeronek desiraz egiten duen definizioa: Desiderium est libido vivendi ejus qui nom adsit, alegia Desira da presente ez dagoen norbait ikustearen libidoa. Desideratio-k esan nahi omen du absente dagoena ikustearen poza, absentzia tarteko badago ere. Frantsesera desiderium itzuli ohi da souvenir gisa, oroitzapena, ala regret, mina izatea falta batengatik.

Desiderium banatzen du Quignardek: de-siderium, alegia falta den astroa, frantsesez sous-venir dena, azpitik datorrena. Eta horren kontura dakar Victor Hugok Guerneseyko hormetan egiten zuen pintaketa: absentes adsunt, absenteak presente daude, hildakoak hemen daude.

Quignard-en oharrak birpasatzen ari naiz eta gogoratu dut Xabier Erkiziaren gogoeta bat Oier Aranzabalek Barruan gaude-n egin zion solasaldian. Erkiziak esaten du soinu baten azpian beste bat dagoela beti. Are, zu zoazela propio artifizialki sortutako soinurik gabeko gela batera, eta gela horretan hasten zarela ordura arte entzun ez dituzun zeure gorputzaren soinuak entzuten. Entzuten dituzula noski zaratak estaltzen dizkizun tinnitusak, bihotza. Eta azkenerako entzuten duzula odolaren jarioa gorputzean. Isiltasuna abstrakzio bat dela, ez dagoela soinurik gabeko toki hori, zer esaten ote dugun irakurtzeko, kontzentratzeko isiltasuna behar dugula diogunean ez bada beste zarata bat hautatu behar dugula. Zer den oroitzapen bat, memoria bat, segida batetako hautaketaren hautaketa, desiratzen dugun hautaketa bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.