Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Haien aurka ez, baina...

2022ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Aurkezleari «baina» aditu ondoren, jarraian zaplaztekoa iritsiko zela pentsatu dut, belarrondoko ederraren aitzindari izan ohi baita juntagailua. «Pertsona zoragarria zara, baina...», «ez dut zalantzarik inon den ahalegina egin duzula, baina...» entzun orduko argi dago ostia siderala hartu behar duzula, eta kolpea arintzeko saiakerak ez duela arrakastarik izanen. Badakit neronek ere estrategia antzu hori erabili dudalako noizbait. «Seguruenik gehienak zintzo demonio lan egitera etorri dira, baina...» esan du telebistako saioan, eta atea ireki dio alkateari bere iritzia zabal zezan. «Bortizkeria-oldarraldia Nafarroako herri batean. Adin txikiko liskargileak jotzen dituzte errudun» errotuluak laguntzen dio txutxu-mutxuen kateko esatariari bere oldarraldian. Eta elkarrizketatua pozik, noski.

Bakarrik dauden adin txikiko atzerritarrak zituen hizpide aipatutako pasarteak. Whatsapp bidez jaso dut Martzillako alkateari egin dioten elkarrizketaren zatia, eta igorri didan lagunak ohartarazi dit Nafarroako Erriberako udalburuak aurrea hartu diola Iruñeko Enrique Maia alderdikideari. Ez dakit bietako zein aterako ote litzatekeen irabazle xenofobia-mezuen lehia horretan, biek ala biek garaile izateko dohainak erakutsi baitituzte. Atzean ez gelditzeko ahaleginean, aste honetan berean berretsi du Maia alkateak pasa den asteko mezua: berriz ere, atzerriko herrialde batean familiarengandik urrun —egoera zaurgarrian— dauden adin txikikoak seinalatu ditu, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilariak eta Espainiako Gobernuaren ordezkariak alkatearen lehengo adierazpenak gezurtatu bazituzten ere.

Oinarririk ez duen arren, UPNko hautetsiek ez dute eten gazte atzerritarren aurkako kanpaina; izan ere, aurrerakoitasunaren antipodetako ohiko mezua zakartzea da alderdiaren egungo estrategia. Bazirudien Vox alderdiak bereganatua zuela ultraeskuinaren lekukoa, baina...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.