Blanca Urgell
LARREPETIT

Gonakin eta ero-eroan

2022ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Ez dakit ba. Agian ahaztuta zaude atzoko eguna zein zen, gaurko larritasunek janda, baina ni han bizi naiz hau idazten ari naizenean, eta irratian zaintzaz-eta entzundakoak ditut buruan jira eta bira. Azkenean lexikoan egin dute habia. Calvert Watkins indoeuroperaz izan diren aditu handienetako bati utziko diot esaten: «Ahaidetasun-termino asko berreraiki dira, eta bat datoz gizarte hura patriarkal, patrilokal (emaztegaia etxetik irteten da, senarraren familiarekin bat egiteko) eta patrilineal (gizonezkoen lerroaren araberako jaraunspena) izatearekin». Adibidez, *h2u?edh- erroak '(norbait) beste leku batera eraman' esan nahi du, baina nork eraman, eta senargaiak, nor eraman, eta emaztegaia: finean, 'ezkondu' esan nahi zuen.

Berri txarrak ditut: baliteke euskaran ere horren zantzurik egotea. Lakarrak proposatu du errain < *e-ra-din-i etimologia, 'etorri arazia' litzatekeena, *din izanik *edin 'bilakatu' esan nahi zuen aditzaren erroa, egun dadin laguntzaile familian baino ez duguna.

Gaitz erdi, ondare zaharrekoa litzateke erraina, beraz, baina ez alaba akaso. Zuberoako alhaba azaltzeko EHHEkoei alha(tu) 'bazkatu'-tik abiatzea iruditu zaie onena, jatorriz 'animaliak bazkatzera daramana' esanahia lukeelakoan, nahiz alha mailegu gardena den, gaskoi-biarnes ingurumaritik etorria. Ez omen dago ala- euskararen barnean azaltzerik. Gerhard Bähr legazpiarrak alargun eta alu-rekin lotu nahi izan zuen, eta ezin. Izan ere, alu gurea are argiago da mailegu, latinez aluu(m) 'sabela' baitzen, baina baita 'umetokia' ere.

Susan J. Wolfe eta Julia Penelope Stanley-ren 1980ko lan baten atarian irakurri dut ikuspegi patriarkalak berak estaltzen eta zokoratzen dituela emakumeek kulturaren garapenean duten eraginari buruzko datuak. Ikertzekoa da alaba, eme eta alu mailegu izatea, seme, ar eta zakil ondare zaharreko diren bitartean. Izan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.