LARREPETIT

Narrazio hutsa gara

Goizalde Landabaso
2022ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Agian unibertsoa ez da hasi (ez esan, gero, poetikoa ez denik). Baliteke denbora hasierarik ez egotea. Akaso izan ginenaren oihartzun gara, besterik ez. Stephen Hawking-ek ere esaten zuen Big Bangak ez zuela zertan denboraren hasiera izan. Unibertsoa beti egon dela hor pentsatzen dute zientzialari batzuek. Beti. Niri neuri eztanda egiten dit buruak eta urdailean ezinegon txikia hasten zait. Unibertsoarekin lotutako besterik eman du aste honek: Chicagon dauden zientzialari batzuek jakin dute partikula baten masa subatomikoa ez dela izan beharko lukeena, hots, txarto neurtu dutela eta pisu gehiago duela. Hemen eztanda bikoitza egiten dit buruak.

Bitxia da denboraren pertzepzioa. Oraina, iragana eta geroa nahasiegiak dira; zenbaitetan, ulertezinak. Zortzi minutu behar ditu eguzkiaren errainuak bizi garen planetara ailegatzeko. Horrek esan nahi du gure orainetik eguzkiaren orainera zortzi minutu daudela. Alegia, gure oraina eguzkiaren iragana dela. Edo gure oraina dela eguzkiaren etorkizuna. Atera kontuak zein denbora desfasea egon litekeen gure eta beste galaxia batean bizi direnen artean. Bai, agian une honetan pentsamendu batek izarren hautsarena egin dizu eta zuk ere pentsatu duzu zein denbora desfasea dugun gure planetan bizi garenon artean. James Webb, sekula egin dugun teleskopiorik handiena, espazioan dago, eta handik bidaltzen ari da argazki asko. Dagoeneko, beharbada, existitzen ez den izar baten irudia, nebulosa bat… Bitartean, Lurrean, teleskopioari izena aldatu-ez aldatu ari dira homofoboa omen zelako James Webb.Oraina orain, geroa gero, gu beti iltzatuta egiletzaren eta egilearen artekoan. Eskerrak gelditzen zaigula Jorge Mario Bergoglio (aka Frantzisko aita santua) gureari eusteko. Tira, gure espainierazko bertsioari eusteko. Zenbat minutu egongo da euskarazko eta bere itzulpenen arteko orainetan? Lagun batek argi esan digu: narrazio hutsa gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.