Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Oparitu gabeko oparia

2022ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Ohar batzuk irakurtzen ari nintzen. Solasaldi bat beti dela beste baten jarraipena, eta liburuekin berdin. Zeren liburua Boris Groysena zen. Baina Groysek Derridaz hitz egiten zuen. Baina Derrida Heideggerez ari zen. Funtsa ez zen sofistikatua. Afera dela ea denbora baden, bere horretan, ea izatea baden bere horretan. Eta Derridaren sententzia honako hauxe da: «Eman behar dena, bakarrik eta soilik, denbora da». Are, hizkuntza askotan opari-ri presente esaten zaiola (orainaldia): «Denbora presentatzen zaigula presentzia gisa, presente (opari) gisa» (jatorrizko hitz jokoa alemanezkoa da, baina gazteleraz ere funtzionatzen du).

Groysek azaltzen du orainaldia dela «par excellence» jasotzen dugun oparia, opari horren baldintza delako oparia jasotzearen oroitzapenaren absentzia. Ezinezkoa da denbora den oparia jaso izanaz oroitzea, zeren opari bat jaso dugula gogoratzeko jaso duena presente egon behar da, ala norbaitek esan behar dio oparia jaso duela. Hala da, beraz: norberaren presentzia da oparia, eta, hala, ezin da oroitu denboraren oparitzea bera.

Asimetria bat aurkezten digu orduan Groysek: ahaztearen eta oroitzearen artean dagoena. Ahazteak badu gogoratzeak ez duen zerbait: oroitu ezin den zerbait ahaztera eraman gaitzake: denboraren oparia, hain zuzen. Horrela, jatorrizko oparia (denbora) jatorrizko ahaztearekin lotzen da.

Gero afera lerratzen dute ekonomiarekin, txanponekin, literaturarekin, artearekin, baina ohar horietan, ekain hasierako buruko min honetan bezala, alergiaren eta euriaren artekoa, ordenagailuaren bentilagailuaren eta kaleko zabor bilketarako kamioiaren artekoa, noiz hasi diren gauzak gure opari honetan, noiz arte iraungo duten.

Eta jarraitu dut oharrak irakurtzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.