Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Azken solasaldia

2022ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Sukalde gaineko apalategia ireki nuen eta han ziren erramu hostoak eta erromeroa, basilikoa eta oreganoa. Ireki nuen hozkailua eta sagar zuku ekologikoa zegoen. Arasaren gaineko potoetan koiperik kendu gabeko kakaoa, arroz-, arto- eta almendra-irina. Alabaren logelan ohiko kosmetikoek dauzkaten disruptore endokrinorik gabeko, minbizirik sortzen ez duten krema eta azalerako olioak. Ez ziren salgaiak, Feliperen dendatik ekarritakoak ziren.

Ostirala zen eta biharamunetik aurrera betirako itxiko zuen Felipek bere denda. Alabak marrazki bat egin zion itsasoko animalia batzuekin, mezu bat ere bazekarren eta agurtzera jaitsi nintzenean konturatu nintzen hori ez zela soilik negozio baten amaiera. Hori zela, lehenago Urbia gurindegiaren ala Alzueta konponketa dendaren itxiera bezala bizitzak galtzen zuen toki bat. Felipe Galarza, 79 urte, Urdiaingoa. Azken hilabeteotan ia astero esaten nion lerro batzuk idatzi nahi nituela berari buruz, El Arca dendari buruz, gure auzoan elikadura goxoak eta euskarak zuen txokoetako bati buruz. Beti esan zuen ezetz azken egunean baietz esan arte.

Itzuli nintzen hiru egunetara eta bizitzako pasadizo indartsu asko kontatu zituen. Bakoitzaren ostean esaten zidan «baina hori ez argitaratu, ados?». Eta horrela bat eta gero bestea, jende soilaren ezinak, zer darama norbaitek bizkarrean adin horretara arte lanean ibiltzeko.

1994ko ilbeltzan hartu zuten denda, lehenago Juan Luisena zela. Nola garai batean furgonetan ekartzen zituen meloiak Valentziatik. Agur esaten ari nintzela aipatu nion larunbatean aterako zela zutabea eta serio esan zidan ezetz, berak larunbatetan ez duela ezer erosten, «zergatik uste duzu ez dudala denda irekitzen?», larunbata dela kristauentzat jai eguna behar duena. Eta hasi zitzaidan azken bost urteotan izan ditugun solasaldietako bakarrean izan ez duen pasioarekin Bibliako pasarteak buruz esaten.

Alde egin nuenean hasi nintzen Felipe ezagutzen, eta hala zenbat jenderekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.