nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Gaztelu bat Malloetara begira

2022ko abenduaren 22a
00:00
Entzun

Astiro gerturatu da haritz-egurrez egindako ate bikoitzaren parera. Esku forma duen aldabara iritsi aurretik ikusi du hilotza ateak dauzkan leihatiletatik barrena. Sekula baino hotzagoa iruditu zaio aldabaren burdina eskuaz inguratu duenean. Arnasa hartu du sakon eta bi kolpe eman dizkio ateari, baina inork zabaldu aurretik sartu da. Jendez betea dago etxea, hutsik dagoela iruditu zaio. Zenbat espazio hartzen duen bortxaz hutsuneak, eta zein zaila den horri lekua egitea.

 

Banan-banan besarkatu ditu bertakoak eta hitz urri batzuk trukatu, eztarriraino sartu zaion ezerezak ez dio malkoa ez den beste ezeri ateratzen uzten. Sukaldera sartzera gonbidatu dute. Ez da ezer aldatu han izan zen azken alditik, mahai luzea, kafetera, sofaren estalki gorria; baina dena aldatu da aldi berean. Gaztelu eder baten gisan azaltzen da etxe hura, sukalde hura, bere iraganaren iruditegi ilunean. Memoriak baitio, noraezean eta galduta sentitu zen garai haietan, etxe hartan aurkitu zuela egoteko leku bat, mahai bat kafesne bero eta gazta puska batekin. Lasai hitz egiteko leku bat. Eta isilik egotekoa.

Sarritan itzuli da orduz geroztik gaztelu hura egon bazegoela berrestera; baieztatzera, bisita baten aitzakian, bere burua maitatzeko gai izan ez zenean maitatu zuela norbaitek. Iraganera begira arnasa lasai hartzeko aukera ematen zion sukalde bakarra zen hura; oroitu gabe eman ziona eta ahantzi gabe hartu.

Baina gaur, sarrera gurutzatu orduko jakin du, etxeak hor jarraitzen duen arren, eraitsi zaiola gaztelua; Micaela eta Sebastianez eraikia baitzegoen eta ez harriz eta egurrez. Oroitzapenak maiz tokietara lotzen ditugun arren, pertsonek sortu eta eusten dituztelako. Zer gertatzen da leku horiekin pertsonak falta direnean? Nola heldu oroitzapenei haiek sortzen zituztenak ere oroimenera ihes egiten dutenean? Asmatuko al du gaztelua berreraikitzen, oroitzapenez oroitzapen, hutsunea apur bat behintzat bete arte?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.