nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Ogi-apurrak elkarri jaten

2023ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Lehiakideez galdetzen dio mankomunitateko teknikariak. Bere kontura lanean jarri da eta bailarak eskaintzen dituen diru-laguntzak baliatu nahi baditu, bere proiektuaren bideragarritasun plan bat egin behar du lehendabizi. Lehiakideak. Ustezko lehiakide horiek bere lagunak direla erantzuten dio. Teknikariak, asmo onez, esaten dio identifikatu egin beharko lukeela zer eskaini dezakeen berak beste idazleek eskaini ezin dezaketena. Ezin du horretan pentsatu, elkarri lana kentzen ibiltzea ez da aukera bat. Ez du besteekin lehiatu nahi. Besteak. Ni. Gu. Sortzerakoan ezin da ni-a ulertu gu batek besarkatuta ez bada.

Telefonoz ari dela, lagun duen idazle bati kontatzen dio Eusko Jaurlaritzak ematen dituen kultur sormena bultzatzeko diru-laguntzetara aurkeztu duela proiektu bat. Urtean behin, narratibako bost proiektu babesten ditu 8.000 euroz Jaurlaritzak. Bost proiektu soilik urtero. Lagunak erantzuten dio berak ere aurkeztu duela proiektu bat. Isilune txiki bat. Laguna. Lehiakidea. Gaineratzen dio baina, ez duela uste emango diotenik, narrazio amaitu gabe bat aurkeztu behar izan duelako lagin gisa, karaktere kopuru maximoa gainditzen zuelako, eta narrazioak bere osotasunean hartzen duela zentzua. Berari ere gauza bera gertatzen zitzaion eta, zalantza egin ondoren, narrazio osoa bidali zuen azkenean nahiz eta karaktere muga gainditu; ez diote arazorik jarri. Lehiakidea. Laguna. Ez du zalantzarik egin. Narrazio osoa bidaltzeko esan dio lagunari, onartuko diotela, berak ere hala egin duela.

Etengabe ibili behar dugu deialdi berrien ehizan, aurkeztutako proiektuen erantzunen zain, edo epe motzegian justifikatu behar dugun proiektu baten paperak biltzen. Zer eta elkarri ogi-apurrak jaten amaitzeko.

Laster jakingo dute bi lagunek diru-laguntza jasoko duten edo ez. Adostu dute, gertatzen dena gertatzen dela, irabazten duenaren garaipena ospatzeko elkarrekin afalduko dutela, ogi-apurrak mahaitik kentzen dizkizuten jatetxe batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.