Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Haurrei hitz egiteari buruz

2023ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Caroline Eliacheff pedo-psikiatra eta psikoanalistak irratsaio bat eskaini berri dio haurrei hitz egitearen gaiari. Sarritan galdetzen omen diote: zertarako hitz egin haurrei, ez badute esaten duguna ulertuko? Eliacheffek azaldu du XIII. mendean Frederiko II.ak, Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadoreak, bere sei seme-alabak gela batean jarri zituela eta haurrak zainduko zituzten inudeei agindu ziela ez hitz egiteko. Bainatu zituzten, bularra eman, garbitu, baina hitzik ezin zuten ahoskatu. Frederikok berak bederatzi hizkuntza hitz egiten zituen: alemana, arabiera, normandiera, siziliera, latina,hebreera, greziera, yiddisha etaeslaviera. Frederikok jakin nahi zuen zein ote zen gizakiaren hizkuntza naturala, helduen eraginik gabe hitz egingo zutena. Baina oso bestelako zerbait gertatu zen bere seme-alabekin: ez zuten hitz egiten ikasi, baina, gainera, guztiak hil egin ziren.

Kontrako adibideak ere jaso ditu Eliacheffek, nola XX. mende hasierako ospitale bateko buruak eskatu zien erizainei, egunero, gutxienez bost minutuko solasaldi bat izatea luzaroan ospitaleratutako haur bakoitzarekin: ez zaindu, ez zauririk sendatu, ez botikei buruz aritu, hitz egin. Ospitale hartako haurren heriotza tasa nabarmen jaitsi zen, antibiotikoen aurreko garai batean gainera.

Haurrei hitz egitea bizitzara ekartzea da. Haurren garapenaren une kritiko batean ezinbesteko laguntza da ingurukoen hizkuntza. Haurraren burmuinak bakarrik, interakziorik gabe, ez du hizkuntzaren gaitasuna garatuko. Eliacheffek nabarmentzen du hitz egiten ez dakiten haurrekin gorputzaren zaintzaz aparteko solasaldiak izan behar ditugula, benetako solasaldiak.

Irratsaio zabal eta aberatsa da Eliacheffena, hemen lehenengo minutuetan kontatzen direnak soilik jaso ditut, eta, aldi berean, pentsatu, zakurrei eta bestelako etxe abereei hitz egiten diegunean gertatzen denaz. Bada ere landareei hitz egiten dien jendea, haurrei hitz egiten ez diena baino puskaz zentzudunagoa dena, noski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.