Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Haurrei oihu egiteari buruz

2023ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Gauza jakina bada ere, irakurtzen dudan bakoitzean konturatzen naiz ez dudala barneratu, espezie gisa, aurrena entzuteko gai garela eta gero hasten garela ikusten. Daniel Baremboinekin ari nintzela jabetu naiz berriro. Fetua amaren sabelean dagoenetik berrogeita bost egunera garatzen da belarria. Alegia, belarria begia baino zazpi hilabete eta erdi lehenago dago prest eta martxan. Eta ordea,Baremboinek nabarmentzen duenez, gure gizarteetan, jaioberriaren aurrean entzumena bigarren maila batean geratzen da: helduek haurraren arreta nahi dutenean ikusmena erakarri nahi dute beti. Kalea gurutzatzen ikasteko, haurrari errepidea ezker-eskuin begiratzen irakasten zaio, ez belarriak erne izaten. Alegia, gure gizarteetan, bizirik irautea begiarekin lotzen dugula gaur egun.

Kontua da, nahiz eta zarataz inguratuta bizi garen, nahiz eta musikaz inguratuta bizi garen, oso gutxitan dugula gaur egun soinuei eta musikari jaramon egiteko aukera. Haurtzarotik hasita gainera. Irudi luke, adibidez, haur bati, ahal dela, altu hitz egin behar zaiola, ezin zaiola xuxurlatu, belarrian hautsi behar den harresi bat balu bezala, fisikoki gertu egonda ere urruti egongo balitz bezala hitz egiten diogu. Bereziki deigarria da helduek gutxitan ikusten duten haurbaten aurrean nabarmen egiten dutela gora beren ahotsarekin. Haurrarekin baxu hitz eginda haurra helduen presentziaz jabetuko ez balitz bezala.

Deigarria da, horregatik,Wagnerrek markatu zuen kontrako norabidea. Bayreuthen bere antzokia hutsetik eraiki zuenean, entzumenaren garrantzia nabarmentzeko, orkestra lurperatu zuen, ikusleek ez zezaten ikusi. Baremboinek Wagnerren hitzak berreskuratzen ditu esateko «musika ekoizten duen mekanismoaren atergabeko ikusgarritasuna oso amorragarria» egiten zitzaiola. Imajinatu mundu bat, topo egiten duzun hurrengo haurrari garrasi egingo ez diozuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.