Halakoa ematen du (zuzenbidean edo urbanismoan, arte historian edo zutabegintzan trebatzeko kasu praktiko bat) EAEko Auzitegi Nagusiak onartutako Voxen helegiteak, zeinaren arabera Donostiako Loiola auzoko kuartela babestu beharreko ondaretzat jo eta, ondorioz, ezin baita eraitsi eta, Udalak asmo zuen moduan, toki horretan 1600dik gora etxebizitza eraiki.
Erantzun beharreko lehen galdera da hirian ordezkaritza politikorik ez duen alderdi batek halako erabaki baten kontra jo dezakeen? Legalki bai, antza, hala egin eta onartu baitiote, baina zilegitasun gutxi duela ematen du. Beste galdera batzuk: zer babestu nahi du Voxek? Eraikina ala haren izenaren atzean egon daitekeena? Badu eraikin horrek balore estetiko berezirik? Esan genezake zahar den oro dela berez babesgarri? Nork eta nola gidatu behar luke hiri baten garapen urbanistiko-estetikoa?
Kontua beste bide batzuetatik eramanda: Badaude gehiago hazi ezin diren hiriak? Zergatik ematen dute hiri guztietako auzo berriek elkarren berdinak? Loiolako kuartel oraingoz babestuarentzat ez legoke hirugarren irtenbiderik, Ander Gortazar arkitektoak Twitterren iradokituaren bidetik, eraikin militar izatetik eraikin zibila izaterako proiektu imajinatiboren bat?

JIRA
Kasu praktikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu