«Saudi Arabiak ez ditu ikertu Khaxoggi hiltzea agindu zutenak»

Printze oinordekoa eta herrialdeko goi karguak ikertzeko eskatu du NBEren ikertzaile batek erakundearen Giza Eskubideen Kontseiluan

Agnes Callamard NBEko ikertzailea, atzoko agerraldian. MAGALI GIRARDIN / EFE.
jakes goikoetxea
2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Mohammed bin Salman Saudi Arabiako printze oinordekoa, Saud Qahtani aholkularia eta herrialdeko zenbait goi kargu ikertu egin beharko lirateke Jamal Khaxoggi kazetari saudiarabiarraren hilketagatik. Horixe entzun zuten NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluko ordezkariek, Genevan, atzo. Ikertzaile batek egin zien ohartarazpena eta eskaera, Agnes Callamard NBEko epaiz kanpoko exekuzioen ikertzaileak.

Jamal Khaxoggi Saudi Arabiaren Istanbulgo (Turkia) kontsuletxean sartu zen iazko urriaren 2an. Harrezkero, ez zuten haren berririk izan, Saudi Arabiak handik 18 egunera onartu zuen arte bertan hil zela. Haren gorpua ez da azaldu. Saudi Arabiak Saud Qahtani printze oinordekoaren aholkularia kargutik kendu du, eta 11 lagun auzipetu ditu, ustez Khaxoggi hiltzeagatik. NBEren ikerketaren arabera, exekuzio bat izan zen. Turkiako Fiskaltzak, kontsuletxe barruko grabazio batzuetan oinarrituta, ondorioztatu zuen Khaxoggiren gorpua zatitu egin zutela. Saudi Arabiatik Turkiara joandako hamabost laguneko talde batek parte hartu zuen hilketan.

Callamardek duela astebete aurkeztu zuen Khaxoggiren hilketari buruzko ikerketa mardula. Ondorioztatu dutenez, «froga sinesgarriak» daude Mohammed bin Salman eta herrialdeko hainbat goi kargu hilketarekin lotzeko. Saudi Arabiak ikerketa propio bat egin du, baina «ez ditu ikertu Khaxoggi hiltzea agindu zutenak», Callamardek kontseiluko kideei atzo nabarmendu zienez. «Kontua ez da bakarrik hilketa nork agindu zuen, erantzukizun penala izan baitezakete zuzenean edo zeharka bultzatu zutenek eta saihestu ez zutenek ere».

Zigor eske

Nazioarteko ikerketa bat abiatzeko eskatu zien NBEko Giza Eskubideen Kontseiluko ordezkariei, printze oinordekoa bera ere ikertzeko. Ebidentziak badaudela dio, baina gehiago ikertu behar direla. Saudi Arabiak ikerketari uko egingo balio, herrialdeari zigorrak ezartzea planteatu zuen. Zigorrak eskatu zituen Hatice Cengiz Khaxoggiren bikotekideak ere, atzo Genevan egin zuen agerraldian.

Giza eskubideen aldeko 40 elkartek gutuna bidali diete munduko 48 gobernuri, Saudi Arabian gertatzen denaren jarraipena egiteko eskatuz.

Callamardek uste du gero eta kazetari eta giza eskubideen aldeko ekintzaile gehiago hiltzen dituztela, eta eraso horien egileek inpunitatea izaten dutela. Horregatik, NBEri eskatu dio eraso horien kontrako nazioarteko erreferentzia izateko: «Horrek balioko luke Khaxoggiren hilketa eta gero izan zen paralisia saihesteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.