Frantzian %8 gehitu ziren justiziara eramandako arrazismo kasuak iaz

Giza Eskubideen Aholku Batzordeak ohartarazi du beltzek «diskriminazio ugari» jasaten dituztela

Iragan larunbatean Parisen egindako manifestazioaren irudi bat, Adama Traoreren heriotza oroitzeko. Afixak «Justizia Adamarentzat» dio. MOHAMMED BADRA / EFE.
ander perez zala
2020ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Orotara arrazismoarekin zerikusia zuten 6.603 kasu eraman zituzten iaz justiziara Frantzian, Giza Eskubideen Aholku Batzordeak (CNCDH) atzo jakinarazi zuenez; 2018ko datuekin konparatuta, %7,9ko igoera kalkulatu du batzordeak.

CNCDHk arrazismoaren egoeraz urtero egiten duen txostenean jaso duenez, Frantzian bere horretan jarraitzen dute «estereotipoek, diskriminazioek eta ekintza arrazistek», nahiz eta herritarrak gero eta «toleranteagoak» diren gutxiengoekin —hilabeteotako protesten aurretik amaitu zuten txostena—.

2019an kasuak ugaritu egin ziren arren, epaileek zigor gutxi agindu zituzten, soilik 393; batzordearen arabera, kopuru hori txikia da biktimek poliziekiko duten beldurrarengatik, abandonaturiko kasu ugariengatik edota gertaturikoa frogatzeko zailtasunengatik. Errealitate hori are larriagotzat jo zuen kontuan hartuta 1,1 milioi lagunek beren burua «ekintza arrazista, xenofobo edo antisemiten» biktimatzat daukatela. CNCDHren arabera, ekintza horien gehiengoak ez dituzte salatzen, «salatzeko eta deskribatzeko zailak diren moduetan» gauzatzen baitira.

Aurtengo txostenean, batzordeak atal bat baliatu du beltzen aurkako arrazismoa zehatz aztertzeko. Paradoxa bat aurkitu du horretan: «Gutxiengo beltza, irudi publiko onena duena den arren [juduarekin batera], egunerokoan aurreiritzi erasokor eta diskriminazio ugariren helburu da lanean, etxebizitza lortzeko ahaleginetan eta beste hainbat auzitan».

Horri begira, datu hauek eman dituzte argitara testuan: «Beltzek eta magrebtarrek gainontzeko biztanleriak baino diskriminazio handiagoa jasaten dute. Zehazki, beltzen %49,9 diskriminatuta sentitu dira lanean».

Arrazismo eta diskriminazio kasuek herritarren ikuspuntuekin zerikusia dutela uste du batzordeak, txostenean jaso duenez, eta, horregatik, horri buruzko hainbat datu jaso ditu.

Kasurako, herritarren %45 «konbentzituta daude islama mehatxua» dela «Frantziaren identitatearentzat»; %35ek uste dute migrazioa segurtasunik ezaren «arrazoi nagusia» dela; eta %59k iritzi diote migratzaile asko Frantziara doazela «soilik babes sozialaz gozatzeko».

Egungo errealitatea iraultzeko gomendioei begira, CNDHk txostenean proposatzen du «diskriminazioak hobeto ezagutzeko ikerketak garatzeko», besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.