Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Idazle itsusia

2021eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Ez dakit garaia den. Ez dakit aurrena prentsaren eta gero interneten bidez testuek gure begien aurrean agertzeko gaitasunarengatik den. Ez dakit neure irakurketaren lerratzearengatik ote den. Baina gero eta gehiago gozatzen ditut txatalekin osatutako liburuak. Behin eta berriro bisitatzen dudan bat. Behin eta berriro zutabe hau idazteko erabili dudana da Federico Sabatinik Virginia Woolfen obra publiko eta pribatuarekin osatutakoa da (Spegnere le luci e guardare il mondo di tanto in tanto. Riflessioni sulla scrittura, Minimum Fax 2014), neuk gazteleraz irakurtzen dudana.

Pasarteen zerrendatze bat da, horietako asko Woolfek 1939an Ethel Smythi idatzitako gutunak dira. Horietako batean Woolfek aitortzen dio lagunari «jeloskor dela [Smyth] gai delako bere bizitza pribatu osoa trebetasunez, eta txikikeria pertsonalekin, irakurleen oinetara jartzeko». Bitxia da, ze sei urte lehenago (konpilazioan jarraian badator ere) Woolfek esan zion Smythi gorroto zuela autobiografia, uste zuelako«ez ziola ezer gehitzen norberak esan duenari. Guztiari indarra kentzen diotela ñabardura pertsonalek». Are, esan zuen «gorroto zuela idazleak bere buruaz idaztea. Maite zuela anonimotasuna. Eta baliteke hori izatea [Woolfen] obsesioetako bat. Gorritzen zela eta nerbiosten, berotik hotzera pasatzen zela. Errezel batekin zintzotasuna estaltzeko gogoa izaten zuela».

Antza, 1930eko gutun batean, Smythek Woolfi esan zion idazle itsusi bat zela. Woolfek bere egin zuen itsustasuna. Esan zion itsusia izango zela, «baina baita zintzoa ere, balea hatsankari bat bezala, urazalera iristen dena arnastera. Hain dira handiak ahalegina eta oinazea esaldi bat aurkitzeko (esan nahi duena dioen esaldia zehazki izateko)». Gero jaso omen zuen Woolfek, idazten zuena ederra zela, eta errebelatu zen: «nola izango da ederra inoiz esan ez dena esaten saiatu [bazen], eta lehenengo aldi horretan zehaztasunez aritu nahi izan [bazen]». «Uko egiten diot edertasunari», idatzi zion lagunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.