Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Mitoak

2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Gaurko lako egun batez hil zuten, Chihuahuan. Pershing jeneralak urtebete luzean jazarri zion, baina ezin izan zuen harrapatu. Handik zazpi urtera hil egin zuten José Doroteo Arango. Iraultzari eman aurretik bandidoa izan omen zen, eta bere taldeko burua hil zenean haren izena hartu zuela esaten dute: Pancho Villa. Ez dakit historian kokatu nahi izan duten istorio hori benetako egia den, baina behin halako zerbait kontatu zidan San Cristobal de las Casasen ezagutu nuen gizon batek. Indigenekin eta haien alde lan asko egina zen bera. Ez dakit zenbat ordu pasatu genituen Euskal Herriaz, Mexikoz, lurraz, hizkuntzaz eta gorputzen askatasunaz hizketan, eta halako batean zerbait aitortu behar zidala esan zidan: «Nire aitona Pancho Villa hil zuen pelotoiko kidea zen». Garagardoari trago luze bat kendu eta botila mahai gainean utzi nuen. Ez zidan ezer esateko astirik eman: «Ezin duzu konparatu Pancho Villa gaur eguneko zapatistekin, adibidez. Nik errespetu izugarria diet gaurkoei, baina hura herrietara sartzen zenean... ostu egiten zuen, emakumeak eraman». Ez nuen epaitu nahi bera, eta gutxiago bere aitona: «Hara, nik ulertzen dut ozeanoaren beste aldean bizi naizela, eta gure aitonarentzat mito handia zen Villa. Zurea hura hil zutenen bataloian egon zen. Biotako batek okerreko mitoa eraiki du». Ez zegoen beste aukerarik: edo iraultzailea ez zen nik uste bezain jatorra, edo bere aitona gizon gaiztotzat ez marraztearren, Villarengan bandido soil bat ikusi beharra zeukan nire parean zegoenak.

Horrelaxe eraikitzen baitira mitoak: interesatzen zaiguna goralduz eta ikusi nahi ez duguna estaliz. Zenbat iraultzaile jator izango ote ziren hain jatorrak emaztearekin, alabekin, lubakietan ondoan zituzten emakumeekin? Zenbat gizon gogorrek ukatuko zien negar egiteko aukera bigarren iladan zetozen ez hain gizonei? Kaki kolorez jantzitako zenbat gizon zurik hitz egingo zien gizon beltzei berdinetik berdinera? Zer dakigu guk pegatinetan ezagutu ditugun gizon horiez guztiez?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.