maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Klika

2018ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Niri ere ez zitzaizkidan gustatu leloa eta logotipoa hasieran. Ni ere gelditu nintzen aho bete hortz kantua aditu nuen lehenbiziko aldian; eta izan nituen zalantzak; lehertu nintzen irriz. Eta azken egunotan denetarik entzun dut: estilo hori ez dela gurea, lasterka egiteko erritmo egokirik ez duela motelegi edo azkarregi, umeei eta zaharrei ez zaiela gustatuko, ikastoletan ezingo dutela letra ikasi, txistua ez dela ongi uztartzen estilo horrekin, ingelera eta frantsesa ere sartu dituztela, berez euskaraz kantatzen ez duten kantari batzuek parte hartu dutela gero gazteleraz segituko duten arren, nesken dantzatzeko modua sexuala dela, euskal dantza folklorizatzen duela...

Ez naiz argudioei banan-banan kontra egiten hasiko, jada lana egina baitute asteburu honetan hainbat txiolarik. Baina, zer esango dizuet, niri mundialak iruditu zaizkit bai abestia, bai bideoklipa. Eta ez naiz bereziki estilo horren zalea. Baina ausarta iruditu zait oso AEK-k egindako apustua. Eta, nolabait, lortu du bilatzen zuena, nik uste.

Ordu gutxian jende guztiaren begi-belarrietara iritsia zen ostegunean kantua, egun bakarrean 100.000 ikustaldi lortzeraino bideoak. Eztabaida Euskal Herriko txoko guztietara hedatu da: familietara, kuadrilletara, lantokietara... eta baita Twitterrera ere, noski, euskarazko txiolariak sutan jartzeraino. Eta seguru nago batek baino gehiagok egingo zutela asteburu honetan parranda Klikaren erritmora.

Gustatuko zaizue gehiago edo gutxiago, baina lehenengo klik-a sortu du bederen Korrikak, ibilbidea hasteko oraindik lau hilabete falta direla: denen ahotan egotea. Eta hainbat hobe, euskaraz izan bada. Ez delako txarra eztabaida, eraikitzeko bada. La Furiari berari hitzak lapurtuta: «Komunikatzen den herri bat ez da inoiz zatituko». Eta onera edo txarrera, baina Klikak jada lortu du zerbait komunikatzea. Jarrai dezala horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.