Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Beltzez (I)

2019ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Sanferminetako bost bortxatzaileen artean, bat zen militarra eta beste bat guardia zibila. Gasteizko autobus publikoan, xenofobiaz jantzitako heriotza mehatxua egin zion militar batek emakume bati. Amurrioko etxeari tiro egin ziona Espainiako polizia erretiratua zen. Azkenaldiko kasuetako batzuk besterik ez dira, baina zerrenda luzea da. Kasualitatea ala kausalitatea? Ezagunak dira nork eta nola trebatzen dituen gure kaleetan dabiltzan poliziak. Ezagunak, halaber, oposizioak prestatzeko eskuliburuetako edukiak; kasurako, OCS taldeak «hiriko tribuak» estigmatizatzen dituen atalean, zera dio «okupez»: «Antisistemak eta poliziari uko bortitza. Anarkistak eta komunistak» [sic].

Bateko eta besteko poliziek okupatu dituzte Alde Zaharreko kaleak Iruñean. Horrek sorturiko ezinegonaren eta gaztetxea bortxaz ixtearen ondoriozko istiluetan, poliziak zauritu piloa eragin ditu. Nabarreria eta inguruan suelto ibili dira, zakurren pare kalean pixa egin dute eta azken egunotako bizitza jasanezin bihurtu. Kalea pribatizatu dute, han nor ibil zitekeen eta nor ez erabaki, auzotarrak plazatik kanporatu, identifikatzera behartu. Salbuespen egoera salatu dute langile eta bizilagunek: 80ko hamarkadara itzularazi gaituzte zenbait egunez. Ate joka dira hauteskundeak, eta magiak bezala funtzionatzen du: kalkulu politikoen makilatxoarekin jo, eta, alehop!, euskal eskuin autoritarismoa agertzen da.

Ez da berria: poliziaren eta zigor ereduaren inguruko eztabaida sozial eta politikoa falta da. Zirrikitu bat sortzean, gainera, aukera galtzen dugu; harrabots handirik gabe pasatu zen, azaroan, trafikoan aritzen diren guardia zibilak foruzain egitea ahalbidetu zutela UPNk, PSNk eta Orain Baik. Naturalizatu egin dugu kalean armaturik ibiltzea, baita udaltzaingoa ere. Poliziek boteredun sentitzen dute beren burua eta horrek boterekeria dakar berehala, zerbitzari behar dutela ahantzirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.