Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Ez dakit nondik hasi gaur

2019ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Zinez dinotsut: hainbeste da buruan bor-bor dabilkidana ez dakidala zein lokarriri eutsi. Hamaika eta bat ideia denak atera nahirik datozkit, eta horrelakoetan badakit burutik pasatzen zaidan oro ez dudala esango; alegia, autozentsuratuko dudala nire burua. Baina karaktere mugatuetan sartzen ez direnak mahai-inguru goxo baten bueltan esateko gordeko ditut. Hau irakurtzen ari zarena gizona bazara, utz ezazu zutabea eta zoaz liburu dendarik hurbilenera Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik liburua eskuratzera. Bestelako generoduna bazara ere gauza bera egin ezazu: zoaz liburutegira, eta eska ezazu Lisipe bilduman dagoen liburua. Ez ezazu denbora gehiagorik gal. Hau ez da bertsolaritzari buruzko liburua, ez da emakume sortzaileek plaza hartzen dutenean pairatzen dituzten min, zapalketa edota gutxiespenen inguruko lana. Hau munduari eta bizitzari buruzko liburua da. Hau hezkuntzari buruzko liburua da. Hau eskubideen, elkarbizitzaren eta errespetuaren inguruko liburua da. Hau zuri buruzko liburua da.

«Neska izatea zen... ez izatea», Miren Artetxek esaten du. «Aia, Ereñozun... hor neutroa izan nahi dut (bertsotan egiten duenean)... maskulinoa delako neutroa», Oihana Iguaranek. «Badakit jendeak esaten duela gure adineko neskok merezibaino plaza gehiago dauzkagula», Nerea Ibartzabalek. «Balio al dut?», Maialen Akizuk. «Autoa gelditu zuen; mendialdea zen, ilun zegoen, eta hasi zen konpultsiboki musuka, bere galtzak jaisten, nire gorputza ukitzen», Ainhoa Agirreazaldegik. 173 orrialdetan 15 bertsolarik aho bizarrik gabe kontatzen dute zer den oholtza gainera igotzea, zer den gizonezkoen munduan leku egiten hastea, zer den erasoak etengabe sentitzea. Ken ezazu bertsolaritza eta sar ezazu plaza publikoa duen edozein jardunbide, eta voilà! Oraindik hemen zaude? Zoaz, eta ez estutu errealitatea kontrako eztarritik badoakizu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.