maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Ilusioa

2019ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Zirrara sortzen du Korrikak: emozioa. Ez da euskararen aldeko lasterketa soil bat. Bi urterik behin, barrenak mugitzen dizkigu. Bi urterik behin, herri bat astintzen du, euskararen alde. Ez bakarrik Euskal Herriko txoko guztiak zeharkatzen dituen hamar egunetan. Hilabeteak lehenago, korapilatzen gaitu ibilbidea pentsatzen, deskubritzen, planak kalkulatzen —halako ordutan pasatuko den hemendik, halakotan eginen dugun laster; antolarazten gaitu kilometroak erosi eta saltzen—halako eta bertzelako elkarte, mugimendu, instituzio eta familiak euskararen alde jarrita; gozarazten Korrika kulturalak bertsoz, dantzaz eta bestaz alaitzen; parte sentiarazten petoak eskuratu, abestia kritikatu eta azken egunetan deialdiak egiten.

Heldu denean zoro zoragarri sentiarazten gaitu, goizeko ordu txikitan, mendi punta batean, lekukoa noiz iritsiko zain, hainbeste kritikatu dugun abestia kantari hasten garenean; edo elkar besarkatzen. Sekula ordu erdi baino gehiago laster egin ez dugunoi ordubete irauteko indarra ematen digu, ia orkatilak bihurritzeraino. Eta aurretik edo ondoren zoramena bestaz luzaraztentrago guziak, AEKren alde.

Badu zerbait Korrikak, Euskal Herri eder bezain gorrotagarri honetan deus gutik lortzen duena. Elkartzen gaitu alderdi eta mugimendu ezberdinetako kideak —gazte mugimendu eta parlamentuetan elkarri mokoka gabiltzanak—; uztartzen borrokak. Batzen gaitu euskaldunak eta euskaraz ia deus ez dakitenak, edo jakin bai, baina guti egiten dutenak. Sentiarazten gaitu, gaur egun deus gutik bezala, zazpi lurraldeko Euskal Herri baten parte. Eta biziarazten gaitu; piztuz, euskaldun ezkorron artean garesti dagoena: ilusioa. Hamar egunez makila zati bat bi hankaren gainean gelditu gabe mugiarazteko gai bagara, pentsa zenbat gauza egiteko gai izanen ginatekeen —eta nahi badugu, garen— egunerokoan ilusio berarekin bizita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.