Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Etxe bila

2019ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Azken bederatzi urteotan, sei etxe izan ditut bizitoki, Gasteizen. Azken aldaketa urtebete ere ez dela egin genuen, zerbait duina aurkitzea neke izan eta gero. Orain, higiezinen agentziakoak logelako leihoan jarri digu salgai kartel deigarria, nora joan artean ez dugula. Hiriz ere aldatuko gara oraingoan, Iruñera; batean zein bestean, egoera antzerako zaila da.

Irrigarriak bezain iraingarriak dira alokairuko etxeen iragarkiak. Dramatikoa da egoera. Prezioak nabarmen igo dira azken urteotan, eta orobat igo da turistak xede dituzten pisuen kopurua. Espekulazioari gehitu behar zaio hutsik dauden etxeen aurkako lege zorrotzik ez egotea. Alokairu errentan, auzoaren beraren garestitzeak ere eragina du; udalek halakoei muga jar diezaiekete, tasak sortuz eta kapital handien inbertsioei bidea moztuz.

Esate batera, jakin berri dugu Portugalgo Gobernuak oztopoak jarriko dizkiola alokairuen garestitzeari, legez, uztailaren lehenean hasita. Gehieneko prezio bat ezarriko du (gehiegizkoa, seguruena), apopiloaren errentaren eta etxearen tamainaren nahiz kokapenaren arabera, eta plan horri heltzen dioten etxejabeek onura fiskalak izanen dituzte. Hain zuzen, Lisa Vollmer ikertzaile eta aktibistak hari berari tira egiten zion egunkari honetan: etxebizitza pribatuaren merkatua erregulatzea, eta, zehazki, alokairuen prezioa mugatzea ezinbestekoa da gentrifikazio prozesuak geldiarazteko.

Barre egiten didate lagun iruindarrek asko jota 600€ ordaintzeko prest gaudela esaten diedanean. Bi logelako etxea; argitsua nahiko duzu, gainera (bai, noski). Grazia egiten die. Agnes Vardarekin akordatzen naiz orduan: «Umorea oso arma indartsua da, oso erantzun indartsua. Emakumeek beren buruaz trufa egin behar dute, barre, ez baitute galtzeko deus». Egin dezagun barre, beraz, baina ez da broma: bi logelako etxe argitsu eta berogailudun baten bila gabiltza.

Bihotzak patata baten forma duela, hori ere bazioen Vardak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.