Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Oilarkeriak

2019ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Bide ertzean geratu den kotxetik gizona atera da. Gidaria, emakumezkoa. Gelditu behar ez duen tokian utzi du autoa, apur baterako, soilik. Atzetik dator beste autoa gizonezko batekin. Geldiunea pare bat segundo dira; nahikoa, ordea, atzekoarentzat. Gizona urduritzen hasi da, eta lau segundo baino ez daramatza zain. Bozina. Emakumeak ispilutik begiratu dio. Gelditu den kotxetik atera den gizona oilartuta dago honezkero. Ez da oso altua, baina oilartze horretan zazpi metro gora egin du. Pazientzia erabat galdurik duen atzeko gizonari begiratu dio, aupari. Emakume gidaria urduritzen hasi da, badaki indioilar ar bi batzen direnean gertatzen dena. Dena geldotu , eta semaforo gorriak harrapatu ditu geldituta eta aurrera ezin eginik dauden autoak. Aurrekoak atzekoari paparra puzturik, «Zer?». Emakumea bafadaka hasi da. Bere kotxetik irten den gizonak, semaforo gorria seinalatuz, emakumeari atzekoaz: «Hainbeste fu ta fu, zertarako?». Emakumeak begiak gora-beheraka eraman ditu. Atzeko gizona, eskuko galgari eman, eta autotik irten da. «Arazorik?». Hura ere lurretik zazpi metro gora dago. Emakumeak pentsatu du Matrix filmean bezala hegaka has litezkeela, eta nahiago du handik urrun egon, beste dimentsio batean, edo gutxienez, beste kale batean. «Nik ez erantzun du aurreko indioilarrak-, eta zuk?». Emakumeak gizon biak begiratu ditu: atzekoa, ispilutik; aurrekoa, berriz, albora begiratuta. Gerra nuklearra piztear dagoenean, semaforoa errukitu, eta berdez jantzi da. Emakumea, lehen martxa sartu, eta ziztu bizian desagertu da. Han geratu dira bi-biak elkarri begira. Atzeko kotxekoak, agudo pentsatu ondoren, autora sartu, eta lehen martxa jarriz hanka egin du; joan doanean, ostera, leihoa jaitsi, eta «pepelerdo» esan dio aurreko oilarrari. Horrek garailetzat hartu du bere burua, eta, eskumako eskuarekin ilea atondu ondoren, kalean barrena alde egin du, oinez, eguneko garaipena sakelan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.