Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Oker gabiltza

2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Luzaroan ibili gara pentsatuz ezetz. Guri ez zitzaigula tokatuko. Gu ez gara anarkistak. Libertarioek badituzte ekarpen interesgarriak, baina horrek ez gaitu polizien datu base bateraino eramango. Gu ez gara iraultzaileak. Ala bai, baina ez atxilotuak izateko modukoak. Gu ez gara CDR batean sekula egon. Katalunian errepublika bat nahi genuen. Baina hori, funtsean, ez zekien Marlaskak. Gure babesa ematen genien okupei ala etxegabetze batean kolpatutakoei, baina lasai egiten genuen lo: inoiz ez gintuzten hortzetaraino armatutako gizon bortitzek astelehen goiz batean oihuka esnatuko, gure seme-alabak izutuko, gure etxea hondatuko, gure gauzak lapurtuko. Gure irudia ez dute hedabide nagusiek zabalduko, ezta gure izena terrorismoarekin nahastuko Interneteko bilatzaileetan. Hori uste genuen. Baina zenbat atxiloketa behar ditugu ulertzeko gu geu atxilotzea denbora kontua dela?

Eta, ordea, gure amonen aholku hori etxe askotan entzungo zen asteon, Kataluniako independentzia zaleen razziaren ostean Hegoaldean ezer ere indignazio digital apurraz salbu egin ez dugunean: kontuz esaten duzunarekin, egiten duzunarekin, kontuz norekin zabiltzan. Zeren gure amonen garaian ez bezala —Hannah Arendt-ek Mary McCarthyri gutun hartan idatzi zion bezala jada ez dute zentzurik ez fedeak ezta zentzu komunak ere. Federik gabeko garaia da hau eta, beraz, jendea zigortzen lan egiten duten agenteek ez dute infernurik espero, ez dute betirako maldiziorik izango. Baina gainera, jada ez dago gaizki zentzu komunaren ikuspegitik jendea besterik gabe kolpatzea, atxilotzea, akusazio larriak egitea, kartzelatzea.

Beldur horri irtenbide bat eman behar diogu: biolentziari buruz modu esplizitu eta desatseginean hitz eginda behingoz. Eta ulertuta Espainiako Erreinuko agenteek ezartzen duten beldurraren antzekoa sentituko dutela asteburuon Sanfermin Txikitik etxera bakarrik itzultzen diren emakumeek. Ala atzerritar pobrearen itxura duen edonork, egun argiz, asteazken batean, udaltzain bat ikusten duenero. Egunez, gauez, arratsaldez: beldurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.