Samara Velte.
LARREPETIT

Lanpetuaren pribilegioa

2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Ostirala, eguerdiko ordu bata jota. G.-ri mezu bat iritsi zaio sakelakora. E.-rena da, eta barkamenezko emotikono batekin dator: «Bulegoan bazkalduko dut gaur, uste baino lan gehiagorekin gabiltza». G.-k ordenagailuko pantaila itxi du, eta egongelatik sukalderako bost metroak egin ditu. Hozkailua zabaldu du: esne apur bat, olio-ozpinetan gordetako antxoa batzuk, zabaldutako tomate lata bat, bi arrautza eta limoi erdi bat geratzen dira. Ez zaio bururatzen bazkari batekin homologatzeko moduko konbinaziorik.

Aste honetan E.-ri zegokion erosketa egitea. Astelehena eta asteartea aise pasatu dituzte asteburuan prestatutako dilistekin. Asteazkenean, ordea, azken orduko bilera batek eten zituen dendarako planak, eta ostegunean, aldiz, ostiral eguerdirako amaitu beharreko ustekabeko enkargu batek. Asteburu atarian, janari berririk ez da sartu atetik.

G. autonomoa denez, etxetik egiten du lan. Eta etxean dagoenez, beti dauka denbora erosketetarako edo etxeko beste zereginetarako. Hozkailu hutsari begira, adiskide batek gurasotasunaz kontatu izan dionarekin gogoratu da. Adiskideak eta haren bikotekideak haurraren zaintza antolatzeko ordutegi bat adostu zuten: berak 16:00etan jasotzen du umea eskolan, eta 18:00ak arte arduratzen da. Ordu horretan bikotekidea iristen da etxera, eta 20:00ak arte hartzen du zaintzaren ardura.

Errealitatea aski desberdina dela dio adiskideak. Berak 16:00etan puntuan atera behar izaten duela bulegotik, sarritan lankideen errezelozko begiradapean («Horrek ez du minutu bat gehiago egingo lan»); haurra ez baita bakarrik geratuko eskolan. Bikotekideak, aldiz, maiz luzatzen du berez dagokion irteera ordua, lanpetuta dagoelako. Gustura esango lioke bera ere pozik geratuko litzatekeela luzeago bulegoan, tarte horretan haurra beste norbaitek zaintzen duela jakingo balu: «Baina lana lana da, eta horren aurka ezin da ezer esan».

G.-k pentsatu du lan batzuk besteak baino lanago direla, eta zenbat etxetan ez ote den «lanpetuta egotea» bestelako zereginak etxekideen gain uztea ahalbidetzen duen pribilegioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.