Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Hozkailuak

2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Ez dakit Kim Kardashian celebrity-aren (ez dakit, zinez, zelan definitu) hozkailu eta izozkailuak ikusi ote dituzun. Nik ere ez dut interes askorik bere bizitzan, baina lagun batek erakutsi zidan sare sozial batean Kardashianek berak, harro-harro, erakutsitako bideoa. Bere hozkailu eta izozkailuak dira nire etxea baino handiagoak. Ikusiko ez duzunez esango dizut baduela esneki eta freskagarrientzat hozkailu bana; otordu prestatuetarako beste bat tuperrez beterik; ortuari eta iraungitze bizkorreko jakientzat gelatxo bat du gure fruta dendariaren inbidia gorria piztuko lukeena. Iraingarria da eralgitzea, erakustaldi alferrekoa.

Nazio Batuen Erakundeak duela egun batzuk munduko gosearen mapa erakutsi du. Loturari errazkeria dariola pentsa zenezake, baina horrela izan da. Yemen, Zimbabwe, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Haiti, Hego Sudan edo Nigeria dira arazorik gehien duten herrialdeak. Elikagaien Munduko Egitasmoak ondorioztatu duenez, gune «bero» horietan dauden arazoei aurre egiteko 10.000 milioi dolar beharko lirateke. 7.500 milioi biztanleko mundu honetan %10ek, gutxi gorabehera, ez du zer jan eta zer edan. Gosearen mapaz gain beste mapa bat heldu da nire eskuetara egunotan: munduko aberastasunaren banaketa 2019an. Honen arabera, AEBek %29,93 du; Txinak %17,7, eta Japoniak %6,93.

Nire hozkailua txikia da, (Ander Lipusek eta Patricia Urrutiak antzezlan hartan zutenaren antzekoa) baina badu bertatik zer atera. Jabetu naiz gosetearekin bizi diren horientzat nirea izango dela iraingarria, batez ere, limoi urdindua ikusita. Ni ez naiz Kardashian, baina bera bezain pribilegiatua naiz. Gosea aurreko belaunaldiaren kontua dela pentsatuz bizi izan gara, eta naiz. Zaila da batzuetan zenbaki hotzei darien tragedia ikustea, gure hozkailu beteetatik harago ikustea, baina gaur goizean armosua hartzeko zabaltzerakoan pentsatu dut neurri batean ni ere banaizela Kim Kardashian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.