Blanca Urgell
LARREPETIT

Lasaitasuna

2020ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Konspirazioaren teoriaren zaleak izan behar pandemia hau gure mundu zoroaren ondorioa dela pentsatzeko. Halere, bere neurrira eramateko, gogoan izan behar ez dela lehenengoa, eta ez bide dela azkena ere. Mundu globalizatua globalizazioaz hitz egiten hasi baino lehenagokoa dela, alegia. 1918-1919ko Espainiako gripea dugu hurbilena. Azkentzat jo zuten batzuek, gure herrialdeetako garapenak atzera-bueltarik ez zuelakoan. Hiesak erakutsi zuen baikorregiak zirela. Infekzio-patologiak azpigaratutako herrialdeetan gaur ere ekidin ezina aipatu gabe, jakina.

Gripea baino lehenago Asiako kolera-morboa delakoa izan zen. Ganges-eko mamua ere deitu zitzaion, Indiatik zetorren-eta. 1817-1923 artean aritu zen, bata bestearen ondoko olatuetan. Horietako batean hil zen Lardizabal gure idazlea, 49 urte bete berritan, 1855eko abuztuaren 20an, herriko gaixoak laguntzen jarduteagatik. 57 egunetan 45 hildako sortu zituen orduan 1.200 biztanle zituen herri hartan, hots, %4,8. Ez da gutxi.

Sarean aise aurki daiteke Felix Janer-en Instrucción clara y sencilla para todas las clases del pueblo sobre los medios más convenientes y seguros de preservarse del cólera-morbo asiático, y curarse de sus primeros ataques (3. argitalpena; 1834). Ematen dituen aholkuetatik (lehena, ihes egitea, ez zaigu zilegi) hauxe aukeratu dut: «Ezinegon modu guztiak saihestu behar dira. Komeni da ondo lo egitea gauez, ez berandu oheratu, ez goizegi jaiki. Lasaitasuna, adorea eta patxada balio handikoak dira izurri garaian. Onuragarri izango dira hizketaldi onak, irakurraldi entretenigarriak, jende gutxiko tertuliak, hildakoez, gaixoez eta bestelako gai tristeez eta atsekabegarriez hitz egin gabe, zeren eta halakoek gogoa entretenituko baitute eta indarra emango diote hain denbora zorigaiztokoetan ezinutzizkoak diren pena eta ezbeharrak eramateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.