Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Hurkoaren defentsa

2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Ikasturtea hasi da. Ikasleek ohiko ratioetan beteko dituzte ikastetxeak heldu den astean, eta irakasle asko ari dira dagoeneko Nafarroako eskoletan, baina ez guziak: Gimeno kontseilariak duela aste pare bat iragarri zigun 666 irakaslez sendotuko zuela hezkuntza sistema publikoa —orain badakigu itunpekoa ere multzo berean sartzen dela—. Egia da kontratazioen erdia egiteko dagoela, baina Gimeno hitzeko gizona dela jakinda —ahantz dezagun behingoz martxoko goiz hartako «klaseak ez dira etengo!» adierazpen finkoa, arratsaldean «denok etxera!» premiazko agindu bilakatu zena—, helburua beteko du, eta, kontseilariak berak ohiko estilo atseginean esan zuen bezala, kontratazio kopurua iragarritakoa baino txikiagoa izanen delako zurrumurrua «interpretazio makur eta okerrekoa» dela erakutsiko digu. Dudarik ez. Tira, badaezpadako duda txiki bat.

Seguru asko, karguan hasi zenetik buruan ez dudan erabaki egokiren bat hartua izanen du kontseilariak; baina, oro har, zalantzagarria izan da orain arte Gimenoren gestioa Hezkuntza Departamentuan. Hainbesteraino kritikatu da, non Txibite presidenteak bere konfiantzako gizona defenditu behar izan duen: «Hezkuntza kontseilariari erasotzen dionak Gobernuari ere egiten dio eraso», argudiatu du. Ondorioztatzen ahal da kritika erasotzat hartzen dela politikan, erasoak erantzuna eskatzen duela —dei nazazue konspiranoiko, baina mehatxu inplizitu bat ikusten dut Txibiteren hitzen atzean— eta gobernukideak kritikaezinak direla; gobernuek kontseilari guzien erabakiak, edozein dela ere, bere egiten dituztela eman digu aditzera presidenteak. Bidaide guzien defentsa bera eginen ote dute gobernuburuek? Lepoa jarriko nuke presidenteek une oro gogoan izaten dutela politikagintzan gaurko laguna bihar ezagun bihurtu daitekeela, eta etzi aurkari, baita etsai sutsu ere. Ankerra da politika mundua, Nafarroan zein Nafarroatik kanpo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.