Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Politika-fikzioa

2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Munduan bizi garen 7.500 milioi biztanleongan eragina izango duen hauteskunde eguna da gaur, eta 300 milioi baino gutxiagok erabakiko du. AEBetako hauteskundeetan bi hautagai dago, interes ñimiñoa duen edonork dagoeneko badakizki: Joe Biden eta Donald Trump. Posta bidezko bozka hazi ei da, eta askok pentsatzen du horrek on egin liezaiokeela bati, edo besteari. Denetarako teoriak daude. Honek (ere) erakusten du zein erabakimen gutxi dugun gure bizitzaren gainean.

Javier Cercas kazetari eta idazleak igandeko gehigarri horietako batean zioen kontua latz dugula. Trumpek irabazten badu, lazeria ziurtaturik izango da, zioen. Galtzen badu okerragoa izan litekeela adierazten zuen idazle kataluniarrak, hauteskundeakinpugna ditzakeelako. Izan ere, han eta hemen entzun da galduz gero Trumpek ez duela Etxe Zuria utziko. Massachusetts-eko Unibertsitatean irakasle den Lawrence Douglas-ek Will he go? liburuan zioen alde gutxirekin galtzen badu Trump gotortu egin litekeela. Eta honen gainean hizketan geundela bidali didate 1974an egunkari batean (esango nuke La Voz de España dela, baina moztuta dago eta ezin dut zehaztu) ateratako albiste bat. Lerroburua: Agindua zen Nixonen aginduei muzin egitea. Pentagonoa zorakeriaren baten beldur zen. Nixonek dimisioa eman aurreko egunak izan ziren, eta beldur bera zebilen batzuen eta besteen artean. Artean presidente zen Nixonek, laguntza eske, militarrengana jo zezakeela pentsatzen zuen Pentagonoak, batez ere agintaritzan bazuelako jarraitzailerik. Orduko Defentsa idazkariak zioen, Nixonek eman zezakeen estatu kolpeari buruz, pertsona bik baino ezin zutela egin: pepelerdo batek edo presidenteak. Politika-fikzioa esaten zioten aurreikuspen horri.

Nik, zinez, ez dakit zer gertatuko den gaur. Etorkizunak kra egin duen garaiotan edozer pasa liteke. Hortaz, krispetak erosi eta hirurehun miloi gizon-emakume horien erabakia zelan irentsi izango da gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.