Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Zer den albistea

2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Sakon iltzatuta geratu zait azterketa batean albistegi bat egiteko egin nuen berri hautaketari jarri zidaten oharra: «Ez dago ondo, ahaztu zaizu albiste garrantzitsuena sartzea». Azterketa epaitu behar zuen hark argi zuen zein zen bere hautua, bere albistegia egiteko modua, baina ahaztu egin zitzaion hamaika direla erak eta beste horrenbeste begiradak. Jakina, zuzenketa eskatu nuen.

Azterketa zuzentzen duenak du boterea, hots, berrikustea eskatzen duzunean ez zoazela negoziazio batera; zure argudioak sendo baino sendoagoak badira ere, beste aldekoak du boterea, beste aldekoak ezartzen ditu irizpideak. Amore ematea porrot gisa ulertzen dugu, eta boterearen kudeaketa batzuek zelanbaiteko ezintasuna daukate malgutasunez jokatzeko. Agian beldurretik ere badu zer. Negoziatzaile sena eta bere gabezia. Ez nuen boterea konbentzitu, hark ezarri baitzuen albistegi hura zelan egin behar zen, berera. Harena zen albistegia, ez nirea. Eta azterketa egiterakoan botere simulakroa nire esku utzi zuen, baina soilik berea berrets nezan. Harrezkero euri asko egin du, eta tarteka, elur.

Aspaldiko irakasleek irakatsi ez zidatena, eta jardunean ikasi dudana, da albiste bat sortzea, gauza ororen gainetik, ahalduntze ariketa bat dela. Alegia, norberak sor lezakeela albistea, zerorrek ezartzen duzula berri horretarako oinarria; erabakitakoari tinko eutsi baino ez dela egin behar. Eta noski, hezurdura ona behar duzu, istorio bat ere bai. Norberaren ahalduntzeak eta ausardiak bilakatzen dute berri bat albiste. Ez dago, nire ustez, errezetarik, nahiz eta, onartzen dut, badauden inertzia batzuk.

Azken egunotan Libération egunkariaren azal batek txunditu nau: azal osoa eman diote telebista plataforma batean arrakasta izaten ari den frantziar telesail bati. Beste inon ez dut ikusi, albiste txiki lez ere ez. Ahalduntzea. Edozer izan liteke albiste mundua albistez beterik baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.