garbine ubeda goikoetxea
LARREPETIT

Eraiki beharra

2021eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Memoriak pizgarriak behar ditu, zimiko txikiak izan litezkeenak batzuetan eta astindu bortitzagoak besteetan, perspektiba gal ez dezan, hodeien gisan saretu eta desegin ez dadin haize berrien eraginez.

Esaten da usaimena dela pizgarririk efektiboena, sudur zuloetatik barrena doan esentziak bete-betean jotzen duela dianaren erdian, eta hortaz, errazago ateratzen dituela oroitzapenak lozorrotik. Usaimen zorrotzik ez dut inoiz izan, baina baiezta dezaket hala dela, zalantzarik gabe gainera, sumatuko dudana simaurra, belar ebakia, zerrautsa edo paper-fabrikako kiratsa denean. Horra nire haurtzaroa.

Zentzumenetan kutunena, baina, begia izan dut beti. Ikusmenak oso bestela kitzikatzen du galbahea. Sudurrak eta belarriek nostalgiaz berritzen dute iragana, eta garai galdu hartara lotzen gaituzte sentipenetatik, denboraren haria gelditzeko ahaleginean. Bistatik datorrena, berriz, analitikoagoa da, logikarantz jotzen du gehiago, eta iragana eta oraina alderatzen dituen arren, etorkizuneko hipotesiak proiektatzen ditu azkenerako.

Donostiatik Hendaiara natorrela, topo deitzen den trena utzi eta etxerantz abiatzen naizen aldi oro, duela ia berrogei urteko irudia gogorarazten dit panoramak, hain zuzen, Hendaiara estreinakoz heldu nintzenekoa. Trenbideari paralelo doan bide luzea jantzi eta kirol dendez josita zegoen orduan, Levis prakak edo txandalak erosi nahi zituzten hegoaldetarrak (tartean ni neu) erruz hartzeko. Gaur egun, haien aztarrenik ez eta bospasei solairutako etxebizitza sail luzeak besterik ez dira ageri; haien azpietan, bestalde, etxe-salerosketarako negozioak nahiz aseguru-etxeak. Pastelari ginda trenbide gainean eraikitako bloke munstroak jartzen dio, lur eremu osoan nonahi eraikitzeko egarri aseezina eta bazterrik estuena ere porlanez eta adreiluz estali beharra ezin hobeki ilustratzen duena.

Ekidinezina du galdera: nora ote goaz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.