Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Utopien mugetatik

2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Entusiasmo izugarriz irakurri eta zabaltzen aritu gara, Utopía no es una isla Layla Martinez idazle, itzultzaile eta editorearen lana. Baina azkenerako, utopien inguruko eztabaidan, uharte bilakatu da liburua bera (egileak, esplizituki, kontrako asmoa bazuen ere). Eraikina ikusi baina atarian geratu gara.

Zentzu horretan, utopiaren inguruko eztabaidan, bada, motibo ideologiko aski ebidenteengatik batzuek eta besteek bazterrean uzten duten Judith Shklar pentsalaria. Bere Zertarako balio du utopiak? liburuan utopismoaren genealogia bat egin zuen. Hasieran soilki literarioa, soilki fikziozkotzat jotzen du afera Shklarrek. Baina XVIII. mendearen hondarretan, 1770ean honezkero bazuen erabilera politiko bat. Tory amerikarrek erabiltzen zuten kontzeptua, adibidez, erregearen kontra ari zirenak «utopiko» deitzeko, alegia, «ezinezkoa zena eta arriskutsua» bilatzen zutenak. Azken batean Tomas Mororen utopia europia zen (zoriontasunaren hiria) baina outopia ere bazen (inon ez zegoen hiria). Baina kontrarioa hala iraintzeak, aurki, arazo bat izango zuen: AEBen independentzia eta izaera errepublikarra egingarria izan zen. Halere, ordutik hitza ez da bereziki jatorrizko esanahitik aldendu, baina mendeetako bidaia honetan, zabalduz joan da, oinordekoz oinordeko. Rousseauk adibidez, Shklarrek azaltzen duenez, Kontratu soziala tratatuan utopia demokratiko klasiko bat landu zuen. Baina Mororenarekin alde nabarmen bat izango zuen Rousseaurenak. Utopia «janzteko dago pentsatua, hezteko, klase zapaltzaileak zinbelagoak bihur daitezen», pertsona hobetu daitekeelako ustetik eraikia dago. Rousseaurenak, ordea, «ez du irakurleen hobekuntzarik espero. Europa modernoko gaitz konponezin eta onartezinak besterik ez ditu azalduko». Alegia: utopia dago demostratzeko ezinezkoa dela irudikatu eta faltan dugun zoriontasuna bilatzea. Eta pendulu hori osorik ikusteko, bestara gonbidatu behar ditugu Arendt eta Bacon, Isaiah Berlin eta Etienne Cabed, Diderot eta Condorcet, baina bereziki Marx eta Fourier, izan dadin jaialdi bat eta ez azken dantza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.