Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Erresilientziaren kontra

2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Nori ez zaio gertatu. Sartzen zaizu kontzeptu bat zirkulazioan, hitz bat, kutsu bat. Eta esaten duzu eta seduzitzen zaitu eta irakurtzen duzu artikuluetan, hitzaldietan, nobedadeetan. Horri lotzen zaizkio egile batzuk, zeureganatzen duzu. Inolako azterketarik gabe, inolako jarrera kritikorik gabe. Gertatzen da egunero eta hala sortzen da idiolektoa, hala ideologia.

Beste kalte asko bezala Frantziatik heldu da, Boris Cyrulnik psikiatraren lanetan, erresilientzia. Beste kritika asko bezala Frantziatik heldu zen udaberrian Evelyne Pieillerrek Le MondeDiplomatique-n egin zion osoko zuzenketa (Résilience partout, résistance nulle part).

Nor erabiltzen ari da inor baino gehiago psikiatriatik eraldatzailetzat aurkeztu zen kontzeptu hura? Pieillerrek batzuk jasotzen ditu: Emmanuel Macronek behin eta berriro (adibidez De Gaulle jeneralari buruz hitz egiteko), Joseph Bidenek presidente kargua hartzeko ekitaldian (AEBetako Konstituzioaren erresilientziaz).

Autolaguntzatik dator inbentoa, inbentoreak definitu zuen erresilientzia «modu baikorrean gauzak lortu, bizi eta garatzeko gaitasun gisa, nahiz eta estresa ala ezbeharra tartean egon eta horrek emaitza ezkorren arriskua ekarri». Erresilientziaren helburua da edozein jazoera latzetatik norbanakoa aurrera ateratzea, moldatzea. Pieillerren aburuz egungo munduaren izpirituarekin bat egiten du bide orria zabaltzen duen kontzeptuak. Hala, pertsona-enpresari binomioan norberari dagokio aurrera egitea. Kapitalismoa kudeatzen duten ministerioak ere hasi dira «erresilientzia krisien komunikazio ardatz gisa» lantzen. Kontzeptuak zientziaren kategoriara egin du jauzi eta zenbait erakunde ari da gaur osasungintzako patroiak erresilientziaren logikarekin ezartzen, adibidez.

Jasango ditugun kolpeen erantzuleak gure ikuspegiak eta bulkadak balira bezala. Ez da urrutira jo behar konstatatzeko, merezi gabeko izen ona irabazten ari diren garaiotan, eskutik doazela botiken industria, autolaguntza liburuak eta bestelako new age orientalismoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.